"Pedaleando" disko berria aurkeztuko du Juan Carlos Irizarrek, larunbatean

2018/10/03
Donostiako Aquariumeko auditorioan egingo den ekitaldira hainbat txirrindulari gonbidatu dira

  Izan ere, musikari zubillagatarrak bereziki jarraitu edo miresten dituen txirrindulariak izan baititu gogoan diskoan jasotzen diren konposizio lanak osatzerakoan. Juan Carlos Irizarrentzat inspirazio iturri izan dira adibidez, Marino Lejarreta, Migel Mari Lasa, Abraham Olano, Miguel Indurain, Txomin Perurena edota Haimar Zubeldia. Eta txirrindulari euskaldunak bezala, baita nazioartekoak ere, Pantani, Cipollini, Bartali eta Coppi, eta emakumeak, Joane Somarriba edo Dina Bilbao, besteak beste. Baina gehiago badira, 24ko zerrenda osatu arte. Bakoitzari eskainitako abesti bana konposatu du Juan Carlos Irizarrek eta guztiak bilduta grabatu duen diskoari Pedaleando izena jarri dio.

  Disko berria larunbat eguerdian aurkeztuko da Donostiako Aquariumean. Bertan Zubillagako musikariarekin batera, hainbat txirrindulari izango dira. Juan Carlos Irizar musikari oparoa da eta azken urteotan bere zaletasunetan topatu du inspirazioa. Hala, mendiei eskainitako hainbat lan kaleratu ditu eta oraingoan, miresten dituen txirrindulariei eskainitakoarekin datorkigu.

Iturria: Oñati Irratia