Patricia Bofillen “Más allá de la forma” egitasmoa aukeratu du ARGI festibalak Arantzazun erakusteko

2017/03/31
Card image cap
Epaimahaiaren erabakia gaur jakinarazi da

  Juan Biain, Itziar Bastarrika, Jon Cazenave eta Lurdes R. Basolik osatutako epaimahaiak aho batez erabaki du ARGI Arantzazu deialdiaren saria Patricia Bofilli ematea. Erabakia hartzerakoan proposatutako gaiarekiko eta egindako lanaren arteko koherentzia sakona eta Arantzazuren testuinguru kultural eta naturalarekiko duen lotura bereziki baloratu ditu epaimahaiak. Patricia Bofillek denboran eraikitzen ari den epe luzerako proiektu gisa ulertzen du bere lana. Argazkigintzaren natura anbiguo eta opakoaren inguruan ardazten du proiektu hori.

  Datozen egunotan erakusketarako proposamenean lan egingo du argazkilariak Jon Cazenave eta Lurdes R. Basoli komisarioekin batera. Erakusketa apirilaren 28tik maiatzaren 28ra ikusgai izango da Arantzazuko Gandiaga aretoan, hau da, ARGI 2017 festibalak irauten duen bitartean.

  Bofill Arte Ederretan lizentziaduna da Bartzelonako Unibertsitatean, eta hamarkada bat baino gehiago darama egile-argazkilaritza lantzen. 2000. urtean sorkuntza grafikoko estudioa eratu zuen eta ordutik,  argazkigintzako lanarekin uztartzen du.

  ARGI festibaleko epaimahaiak jasotako proposamenen kalitate altua azpimarratu du eta horregatik proiektu bat aukeratzeaz gain beste bi egileren lanak bereziki aipatu nahi izan ditu: Juan Millasek eta Antonio Guerrak aurkeztutakoak, hain zuzen ere.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!