Oñatiko udala

Doako zerbitzu bihurtuta ekin dio ikasturteari Txaloka ludotekak

2026/10/01
Card image cap
Bertako talde eta proiektu hezitzailea Gaztelekuko hezkuntza egitasmoaren baitan dago iaztik

  Lizaur kaleko 5ean dagoen Txaloka Udal Ludotekak ilusioz ireki ditu berriro ateak; ikasturte honetan ere herriko haur eta gaztetxoei espazio seguru, hezitzaile, ludiko eta goxoa eskaintzen jarraituko du. Iaz jada, Gaztelekuko hezkuntza proiektuan txertatu zen Ludotekako hezitzaile taldea eta urrats berria eman da ikasturte berrian, zerbitzuaren doakotasuna, alegia. Horrela, hezitzaile-talde beraren barruan, oinarri eta ikuspegi berberak partekatzen dira, hezkuntza-proiektu integrala eskainiz.

  Jakina da Gaztelekuko zerbitzuak hainbat espazio eta programa batzen dituela, herriko haur eta gazteen aisialdi hezitzaile integrala garatzeko helburuarekin: Sotoa, Kuboa, Topalekua, Inklusio programa, Hegara programa edota, gazteen aholkularitza psikologikoa, besteak beste; Ludoteka ere lantalde berdinaren aterpean kokatzen da. Horrela, Sotoa eta Kuboarekin batera, Ludotekako egitasmoa Oñatiko haurrei aisialdi hezitzaile integral eta jarraitua eskaintzeko ikuspegiaren baitan kokatzen da. Espazio eta programa horiek guztiek helburu komun bat dute: haurren garapenari, ongizateari eta aisialdiari ikuspegi hezitzaile batetik laguntzea.

  Gaztelekuan kokatzen diren espazioak doako aisialdi gune direla kontutan hartuta, Ludotekak ere izaera hori behar zuela ikusi zen eta kuotak kentzea erabaki zen. Udal tasa fiskalen egokitzapena onartu zen uztaileko Osoko Bilkuran eta ludoteka zerbitzua doan da, irailaren 1az geroztik. Doakotasunak zerbitzuaren balio soziala azpimarratzen duela, eta haur eta familia guztien eskura jartzeko konpromisoa indartzen duela adierazi dute Udaleko Haur eta Gazteria departamentutik. Sotoa eta Kuboarekin batera, Txaloka Udal Ludotekan haurren jolasa, sormena, autonomia eta ongizatea sustatzen jarraituko dutela aipatzearekin batera, bertaratzeko gonbidapena zabaldu da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!