Oñatiko udala

Ekintzaileentzat prestakuntza tailer ziklo berria antolatu du Mankomunitateko Garapen Agentziak

2026/10/01
Card image cap
Ekitean sortzen diren ohiko galderei buruzko bost tailer emango dira urriaren 19tik azaroaren 16ra arteko astelehenetan

  Debagoienean jarduera ekonomiko bat abian jartzeko asmoa duten pertsonei zuzenduta Ekin Debagoienean prestakuntza tailerrak antolatu ditu Mankomunitateko Garapen Agentziak. Negozioa martxan jarri aurretik kontutan hartu behar direnak landuko dira bereziki, ekiteko dauden laguntzez, produktuen prezioak, irabazi marjinak eta bestelakoak kalkulatzeko argibideak, negozio bat muntatzeko dauden aukera juridikoak edota Gizarte Segurantzaren funtzionamendua, Autonomoen erregimena eta Ogasunaren aurrean egin beharreko tramiteen ingurukoak azalduko dira, besteak beste.

  Bost tailer antolatu dira guztira, elkarren segidako bost astelehenetan zehar; lehena urriaren 19an izango da eta azkena azaroaren 16an. Lehenengo egunean, negozio ideiaren azterketaren ingurukoak eta negozioa abiatu ahal izateko dauden dirulaguntzak jorratuko dira,; Bigarrenean, oinarrizko kudeaketa landuko da; hirugarrenean, abian jartzerakoan kontutan hartu beharrekoez arituko dira; laugarrenean, komunikazioaz eta bosgarrenean, fakturabai aplikazioa azalduko da. Lehengo lau saioak 9:30etatik 13:30etara izango dira eta azkena, laburragoa, 12:30ak arte. Azken saio horretara ordenagailua eramatea beharrezkoa izango da.

  Tailerrak Arrasaten, Mankomunitatearen egoitzan emango dira, doan. Plazak mugatuak direnez, izena aurrez ematea eskatzen da. Urriaren 9a da izena emateko azken eguna. Baina partaidetza muga jarri da bai behetik zein goitik, eta gutxieneko taldea batu beharko da tailerra aurrera eramateko. Eskaintzen diren bost tailerrak edo banaka egiteko aukera dago. Informaziorako Debagoieneko Mankomunitateko telefonora deitu daiteke: 943 793 090 zenbakira. Ekin Debagoiena prestakuntza tailerretan parte hartzeko izen-ematea mankomunitatearen web atarian sartuta egin behar da (www.debagoiena.eus).

  Ekin Debagoienean prestakuntza tailerrak urtean birritan antolatu ohi ditu Mankomunitateak, udaberrian eta udazkenean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!