Partaidetzazko Aurrekontu prozesura herritarrek egindako proposamenak aurkeztuko dira gaur

2018/06/04
Card image cap
Horiek baloratzeko irizpideak ere finkatuko dira arratsaldean egingo den bilera irekian

  Udal aurrekontuetako 500.000 euro zertan gastatu erabakitzeko parte hartze prozesuan herritarrek egindako proposamen guztien aurkezpen publikoa egingo da gaur arratsaldean, 18:00tan Gaztelekuan. Proposamenak aurkezteaz gain, proposamenak lehenesteko irizpideak finkatuko dira bertan, han biltzen diren herritarren artean. Beraz, garrantzitsua da perfil ezberdineko herritarrak bertaratzea, irizpideak finkatzeko prozesua aberasteko.

  Herritarrek egindako 376 proposamen jaso dira maiatzean zehar; 60 saio irekietan aurkeztu dira, 59 webgunean eta 257 udal eraikinetan jarritako postontzietan utzi dira. Proposamen guztiak arloka sailkatu dira eta hala baloratuko dira datorren astelehen, astearte eta asteazkenean. Ekainaren 11an esaterako, berdintasuna, elkarbizitza, euskara, haur eta gazteak, herriko jaiak, hezkuntza, kulturartekotasuna, lana eta ongizatea arloko proposamenak baloratuko dira, 12an,  argiteria, zerbitzu eta azpiegiturak, irisgarritasuna eta mugikortasunari dagozkionak, eta 13an azkenik, diru laguntzak, hondakinak, kirola eta ingurumenari buruzkoak. Balorazio saio horiek Bidebarrieta kaleko Euskaldun berria gelan egingo dira. Baina balorazioak, esan bezala, gaurko bileran zehaztuko diren irizpideen arabera egingo dira eta gaurko bilera Gaztelekuan izango da 18:00tan hasita.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!