Oñatiko udala

Pake Lekun galdara berria jartzen ari dira.

2014/07/17
Card image cap
Gasoliozkoa zen berokuntza sistema gas naturalagatik aldatu da.

  Pake Leku elkarteko gasoliozko galdara zaharkituta eta egoera larrian zegoen, erabiltzen zuen erregaia ez baitzuen behar bezala aprobetxatzen. Horrek, gastu handia eragiten zuelarik. Eraginkortasunaren aldetik beraz, galdara berria jartzea ezinbestekoa zen.

  Baina galdara ez ezik, energia iturria aldatzea ere erabaki da, garbiagoa eta ustez, merkeagoa ere badelako. Gasolioaren ordez, gas naturala jartzea erabaki da.

  Horrek, galdara ez ezik, hoditeria ere egokitzea ekarri du. Ur-beroa sortzeko kondentsaziozko galdara eta ur-metagailu berria jarri dira, oraingo tximiniaren barrutik tximinia-hodi berria sartu da, ur beroa banatzen duen hoditeria moldatu da eta galdara-gela berriztatu da. Lanak, oso aurreratuta daude eta aste honetan bertan amaitzea aurre ikusten da.

  Izan ere, Pake Lekuko erabiltzaileak jubilatuek direla kontutan hartuta, berogailu sistema uda partean eta ahalik eta azkarren aldatzeari lehentasuna eman baitio udalak. Hala, pasa den apirilean lanak TARTE enpresari esleitu zizkionetan, hiru hilabeteko epean egin beharko zirela zehaztu zuen. Epea, oraintxe betetzen da.

  Pake Lekuko galdara aldatu eta hoditeria eta beste egokitzeko lanek, ia 45 mila euroko aurrekontua dute. Inbertsio honi aurre egin ahal izateko, udalak, Foru Aldundiaren diru laguntza eskatu du. Tokiko energiaren aurrezpena eta eraginkortasun energetikoa bultzatzeko Diputazioaren diru laguntza eskatu du.

  Pake Leku elkarteko  berokuntza eta energia hornidura sistema aldatzearekin batera, orain urte eta erdi jarri zen behin behineko gasolio depositua kendu da. Gogoratu, 2012ko abenduan, jubilatuen elkarteko erregai depositua pitzatuta zegoenaz ohartu zirela. Gasolioa errekara isurtzearen ondorioz antzeman zen pitzadura. Orduan, behin behineko depositua jarri zen baina hori ere kendu egin da energia hornidura sistema berriak ez baitu horrelakorik behar.   

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!