Otsaileko azken aste hau elkartasunarena da Parrokiako Misio taldearentzat

2020/02/25
Card image cap
Txokolatada, afari eta antzerki emanaldi solidarioak antolatu dituzte gaur, ostiral eta iganderako

  Ekintza guzti horiekin herriko kultur agenda osatu eta bide batez, babesten duen elkartasun egitasmorako dirua batzea da Misio taldearen helburua. Une honetan, Afrikan, Guinea Conakry-n eskola txiki bat eraikitzeko proiektua dute eskuartean. Bi urtetan 30.000 euro batzeko konpromisoa hartu zuten iaz eta horretan dihardute, buru-belarri. Aipatu eskolak bi modulu izango ditu eta lehenengoaren oinarrizko estruktura egina dago jada. Kanpoko nahiz barruko hormak jasota daude. Teilatua egin eta eraikinak izango dituen 3 gelak amaituta, altzariz janztea izango da hurrengo pausoa. Oñatiko Misio taldearen asmoa, lehen modulua bukatzeko behar den dirua aurten bertan eskuratzea da. Horretarako, garrantzitsuak dira astean egingo diren elkartasun ekintzak.

  Gaur, esan bezala, inauteri egitarauaren baitan, ia ohitura bihurtu den txokolate solidarixoa antolatu du. 350-400 basokada txokolate prestatuko dira Pago Uso elkartean eta plazako arkupetan, poltseria egon zeneko lokalaren aurrealdean jarriko dira eskaintzen. 3 eurotan baso bat txokolate eta bi bizkotxo eskuratuko dira eta basoa itzultzerakoan, euro bat bueltatuko da.

  Ostiralean berriz, afari solidarixoa egingo da Bidaurretako fraideen lokalean. Patata tortilla eta letxuga entsalada eskaintzen zaie afaltzera hurbiltzen diren lagunei eta amaieran, Guinea Conakryko eskolatxoaren proiektua zertan den azalduko da. Afaltzera doazenek borondatea eman ohi dute ordainetan.

  Pake lekuko Ikusi Makusi taldeak ere bat egiten du elkartasun aste honekin. Bere azken antzezlana igandean taularatuko du eta sarreren salmentatik batzen den dirua, Misio taldeari emango dio. Remendando males de amores antzezlana domeka arratsaldean, 19:00tan eskainiko da Santa Ana aretoan. Sarrerak 5 eurotan eskuratu ahal izango dira, domekan bertan antzokiko takillan, edo bihar eta etzi, Pake leku elkartean, 18:30tatik 20:00ak bitartean.

  Misio taldeak Guinea Conakry-n babesten duen eskola txiki bat eraikitzeko proiektuaren erdia urte amaierarako bukatzea aurreikusten du. Jangela, erabilera anitzeko aretoa eta beste hainbat gelatxo izango dituen bigarren modulua berriz, datorren urtean egingo da. Gauzak ondo, Misio taldeak finkatu zuen bi urteko proiektua, epe barruan osatuko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!