Otsailean, Oñatiko 14 langabe gehiagok eman dute izena enplegu zerbitzuan.

2013/03/07
Langabezia tasak %10 gainditu du, % 10.15 da une honetan.

  Bai, herriko langabezia tasak %10aren maila psikologikoa gainditu du azken hilabetean. Urtarrilean baino 14 langabetu gehiago erregistratu baitziren Lanbideko bulegoan. Aipagarria da, 14 horietatik 9 gizonezkoak izan zirela. Beraz, langabeziak gora, bereziki herriko gizonezkoen artean egin zuen otsailean zehar.

  Adinari erreparatuta berriz, bi kolektibo aipatu daitezke, 25 urtez beherako gizonezkoak eta 45 urtez gorako emakumezkoak. Bi talde hauetan bereziki gora egin baitzuen langabetuen kopuruak gurean. Hala ere esan behar da, kasu horietan igoera apala izan zela eta hilabete batetik bestera, gora eta behera egiten duela, beraz, alde horretatik ezin da esan datu esanguratsuegia denik. Oñatin, gazteen langabezia tasa ez den bezala. Estatu mailan, gazteen langabezia tasa kezkagarria dela entzuten ari gara aspalditik. Horretxegatik, datu horri bereziki erreparatu diogu baina Oñatin behintzat, esanguratsua ez dela esan genezake.

  Otsaileko datuen arabera, Oñatin dauden 10 langabetuetako 1 da 25 urtez azpikoa. Alde horretatik, askoz ere nabarmenagoa da 50 urte gorako langabetuen portzentajea, Oñatiko langabeen %32a baita 50 urtez gorakoa. Kopuru altu hori ulertzeko, esan behar da, 65 urte bete ez duten aurre-jubilatuak langabetu gisa agertzen direla estatistiketan.

  Baina Lanbidek emandako datuetan Oñatin ere eragina duen beste errealitate latzago bat egiaztatu ahal izan dugu. Une honetan langabezian dauden 533 oñatiarretatik 248ak bakarrik jasotzen du prestazio ekonomikoren bat. Hau da, herrian langabezian dauden % 53 eta erdian ez dutela inolako diru laguntzarik kobratzen.

  Luze doa enpleguaren galera, eta horren adibide dira sariei buruzko datuak ere. Hamar langabetik bostek baino gutxiagok, % 46,5ek, jasotzen dute langabezia saria edo diru laguntza bereziren bat. Hala ere esan behar da, epe laburreko langabeak erregistratutakoen %67a dela. Epe laburrekoak bai, aldikako kontratu laburrak izaten dituztenak asko baina langabezia edo beste diru laguntzarik eskuratzeko aukera emango dien gutxieneko lan egun kopuruak betetzeko aukerarik gabe.

  Otsaileko azken datuen arabera, Oñatin, 533 langabetu daude, %46a gizonezkoak eta %53a emakumezkoak. Eta dagoeneko, herriko langabezia tasa %10etik gora, % 10,15ean kokatu delarik.  

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!