Otsailean kendu ziren xaflak berriro jarri dira adierazpen libreko lau gunetan.

2014/10/29
Kalteak eragin zituzten 5 lagunei isuna jarri eta material berriaren faktura ordainaraziko zaie.

  Atzo arratsaldean jarri ziren ohol berriak Lazarraga kalea, Ibarrondoneko kantoia eta plazako arkupetako adierazpen libreko guneetan. Gaur goizean, lehen kartelak jada jarrita zeuden.

  Gogoratuko duzuenez, pasa den otsaila amaieran, zenbait lagunek xaflak kendu eta “adierazpen libreko guneak” zioten pintadak egin zituzten. Kalean dauden kameretan grabatu ziren irudiak ikusita, bost lagun identifikatu ziren eta herri altzariterian kalteak eragiteagatik 300 euroko isuna jarri zaie. Horrezaz gain, ohol berrien kostua ere ordainaraziko zaie.

  Kendu ziren xaflak ordezkatzeko ohol berriak ekarri eta dagoeneko jarri dira, esan bezala, baina eskaera aprobetxatu zen beste lau ohol gehiago erosteko.

  Hainbat herritarrek “adierazpen libreko gune” berriak egokitzea eskatu diote udalari. Errekalde edo Kasablanka inguruan halakoak jartzeko eskaerak jaso dira. Une honetan, eskaera horiek aztertzen ari dira udal arduradunak eta egokienak zehaztutakoan, oholak jarriko dira kartelak itsasteko gune berriak eratuz. Erabakia hartu eta lanak, datozen egunotan egitea aurre ikusten da.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!