Oñatiko udala

Otsailaren 26ra arte aurkeztu daitezke Eltziako taberna-kafetegia ustiatzeko proposamenak

2018/01/19
Card image cap
Ustiaketa kontratua bi urtetarako egin nahi du udalak, beste bi urtez luzatu daitekeelarik

  Iragarkia Europako Aldizkari Ofizialera igorri bezain pronto ireki da proposamenak egiteko 40 eguneko epea. Baldintza plegoa pasa den astean egin zen Osoko Bilkura berezian onartu zen eta udaleko web atarian, kontratatzailearen profila deritzon atalean kontsultatu daiteke.

  Eltziako taberna-kafetegi zerbitzuaren gutxieneko egutegi eta ordutegia finkatu du udalak aipatu baldintza plegoan. Astelehenetik ostiralera, 16:00etatik 20:30etara ireki beharko da eta larunbatetan goiz eta arratsaldez: 10:00etatatik 14:30tara eta 16:00etatik 20:30etara. Hori, gutxienez bete beharreko zerbitzua izango da. Egutegiari dagokionez, astean gehienez ere egun batez, hau da, 24 orduz, itxi ahal izango da. Asteko atsedenerako eguna udalarekin adostuko da eta udalak oniritzia eman beharko dio. Esleipendunak oporrengatik urtean 30 egunez establezimendua ixteko eskubidea izango du. Taberna-kafetegia zabalik dagoen bitartean, Eltziako sarrera nagusiko atea  eta Topagunetik klaustrorako atea ireki eta ixteaz arduratuko da. Taberna-kafetegia zerbitzua eman ez ezik, gunearen garbitasun eta mantenimendua ere egin beharko du. Lizitazio aurrekontua hileko 50 euro gehi BEZa da. Horren pareko edo gaineko proposamenak aurkeztu beharko  dira, jakinik, eskaintza ekonomikoa izango dela zerbitzua esleitzerakoan irizpide nagusia. Epaimahaiaren balorazioan gehienez lortu ahal izango diren 100 puntutik 51, eskaintza ekonomikoaren araberakoak izango dira, proposamenaren balio teknikoak gehienez 44 puntu eskuratzeko bidea emango du eta proposatutako hobekuntzek berriz, beste 5 jasotzeko aukera emango dute. Behin esleipena eginda, lizitatzaileak gutxienez 100.000 euroko erantzukizun zibileko poliza kontratatu beharko du.
Kontratazio baldintzetan, hizkuntza betebeharrak ere zehaztu dira. Hala, zerbitzariek euskaraz jakin beharko dute eta B2 gaitasun maila izan beharko dute ahozko trebetasunean. Gainera, inprimakiak eta oharrak euskaraz eta gaztelaniaz eman beharko ditu.

  Baina baldintza plego osoa udaleko web atarian edota udal bulegoetan eskuratu daiteke. Proposamenak ere, udal bulegoetan aurkeztu behar dira otsailaren 26a bitartean. Proposamenak hiru kartazal edo sobretan presentatuko dira, enpresaren egiaztagiriak batean, memoria teknikoa bigarrenean eta eskaintza ekonomikoa hirugarrenean.

  Eltziako taberna-kafetegiko zerbitzuaren ustiaketa bi urtetarako kontratatu nahi du udalak, beste bi urtez luzatu daitekeelarik.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!