Oñatiko udala

Ostiralean hasiko dira Araotzeko errepidea zabaldu eta egokitzeko lanak

2019/01/14
Card image cap
Hiruzpalau astetan Araotzeko errepidea 9:00tatik 12:30tara eta 14:30tatik 17:30tara itxiko da, astelehenetik ostiralera

  Zozketa eginda esleitu ditu Diputazioak Araotzeko errepidea zabaldu eta egokitzeko lanak, lizitaziora aurkeztu ziren bi enpresek eskaintza berbera eginda puntutan parekatuta baitzeuden. Azkenean, Zubieder S.L enpresak egingo ditu eta ostiralean hasiko dira, hilaren 18an, alegia.

  Araotzeko errepidearen lehen kilometroa pasata egingo dira bidea zabaltzeko lanak, konkretuki 1,065 eta 1,300 kilometro puntuen artean. Errepidea estua da oso eta ibilgailu bakarra pasatzeko zabalera dauka une honetan. Beraz, ibilgailu eta langileen segurtasunagatik, lanak egin bitartean, errepidea trafikorako itxi egingo da guztiz. Goiz eta arratsaldeko ordutegia adostu da eraikuntza enpresarekin eta 9:00tatik 12:30tara eta 14:30tatik 17:30tara ezingo da Araotzeko errepidean aurrera egin, astelehenetik ostiralera, eta 15-20 egunetan zehar. Epe hori, beti ere, eguraldi baldintzek eta beste ustekabeko teknikok luzarazi dezakete. Araozko auzo batzordeak errepide mozketaren inguruko oharra egin eta auzoan zabaldu du. GI 3592 Araozko errepide nagusia izango da ostiraletik aurrera tarteka eta behin behineko izaeraz itxiko dena. Auzo barruko gainontzeko bideetan normaltasunez ibili ahal izango da.

  Araotzeko errepidea zabaldu egingo da esan bezala, 1,065 eta 1,300 kilometro puntuen artean 5,40 metroko zabalera emango zaio errepideari, segurtasuna hobetzeko helburuz. Behin lanak amaituta, bi ibilgailu pasatzeko adina leku izango du errepideak. Araotzeko errepidea hobetzeko lanen artean, hasierako tartean, mendia hondeatuko da eta harri horma egonkortuko da hormigoizko geruza, burnizko sare eta buloiekin. Drainadura sarea berritzeko hormigoizko areka berria egingo da eta, gaur egun dagoen manposteriako petrilaren ordez harlangaitzezko petril berria egingo da 235 metroko luzeran. Bukatzeko, lanak egingo diren bidearen goialdeko zatian zorua eta seinalizazioa berrituko dira eta azken 100 metrotan betelana egingo da.

  Foru aldundiaren kontura egingo diren lan hauek 193.705 eurotan esleitu dira. Ostiralean hasiko dira eta ostiralean bertan jada errepidea sei ordu eta erdiz itxiko da, 9:00tatik 12:30tara eta 14:30tatik 17:30tara, beti ere, lanean ari diren egunetan, hau da, astelehenetik ostiralera. Lanak, 10 astetan amaitzea aurre ikusten da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!