Ostegunean beharko lukeen asteko Gobernu Batzarra aurreratu eta gaur egingo da

2016/03/22
Card image cap
Lan zerrendan 50 gai jaso dira

  Ia udal departamendu guztiek aurkeztu dute gairen bat gaurko bilerarako, gehienak, dena den, ohikoa denez, hirigintza eta zerbitzuak arloei dagozkie. San Martin auzoa 13 eta 14 zenbakidun eraikinak izango direnetan 22 etxebizitza eta garaje jasotzeko baimena edota San Martinen bertan, autokarabana gunean dagoen komunean argindar hartunea egiteko baimena aztergai izango dira. San Martingo komun publikoa jarri zenetik hilabeteak pasa dira jada baina argindarrik ez duenez itxita mantendu da. Okerrik ezean, Tokiko Gobernu Batzarrak baimena emanda, argindar hartunea bihar bertan egingo da eta komuna erabilgarri jarriko da. Garrantzitsua, kontutan hartuta Aste Santuan gaudela eta autokarabana gunera erabiltzaile asko etortzea aurre ikusten dela. Eurentzat ez ezik, Murgia eta San Martin inguruan paseoan ibiltzen diren herritarrek ere komun publikoa erabili ahal izango dute argindarra jarri bezain pronto. Argi kontuekin jarraituz, argiteria publikoa hobetu eta kontsumoa gutxitzeko lanen 3. faseak zein gune hartuko duen ere azalduko da gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean.

  Kultura Batzordearen eskutik, apirilaren 23an ospatuko den Liburuaren Nazioarteko Egunaren baitan antolatu diren ekintza egitarauaren berri emango zaie Gobernu Taldeko kideei. Kiroletan, kirol talde eta elkarteei zuzenduta aurten ematekoak diren diru laguntzak zeintzuk eta zertarako eskatu duten azalduko da bileran. Era berean Emakumeen Biraz ere argibideak emango dira.

  Eta Euskara eta Hezkuntza Batzordetik bestalde, aste gutxi barru ospatzen hasiko diren euskararen eta euskarazko irakaskuntzaren aldeko jaiak diruz laguntzeko eskaerak aztertuko dira eta irizpide orokor bat finkatuko da. Bestalde, errenta kanpaina euskaraz egitera animatuz, aurten ere sentsibilizazio kanpaina egitea proposatuko da. Gipuzkoan errenta aitorpen kanpaina apirila erdialdean hasiko da. Apirilaren 11a izango da Foru Ogasunak berak bidalitako autolikidazio proposamenak onartzeko lehen eguna, eta 18a berriz, aitorpen mekanizatua aurkezteko lehenengo eguna. Baina xehetasun horiek eta aitorpena euskaraz betetzeko aukeren berri ematen duen inprimakia egin eta herriko etxe guztietara zabaltzeko proposamena aurkeztuko da arratsaldeko Tokiko Gobernu Batzarrean.

  Osteguna jai eguna dela eta, Udal Gobernu Taldearen asteko bilera aurreratu eta gaur egingo da. Datorren astean berriz, ez da batzarrik egingo.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!