Oñatiko udala

Ostalaritzako enplegu eta jarduerari eusteko dirulaguntzak aztergai izango dira gaurko Osoko Bilkuran

2020/11/26
Card image cap
Bi adierazpen instituzional eta mozio idatzi bat ere aurkeztuko dira

  Komunikabideen aurrean atzo azaldu ziren ez ohiko dirulaguntza eta neurriak nagusi izango dira gaurko Osoko Bilkuran. Guztiek ostalaritza sektoreko jarduerari eustea dute helburu. Batetik, azaro eta abenduko gastuei aurre egiteko dirulaguntza zuzenak emango dira; bestetik, Covid-19ari aurre egiteko gauzatuko diren instalazioen gastuak arintzeko laguntzak ere emango dira eta bestelako neurri puntualak hartuko dira, esaterako, udalak babesten dituen bono txartelak iraungitzeko epearen luzapena. Dirulaguntza eta neurriek udalbatza osatzen duten bi taldeen adostasuna badute ere, Osoko Bilkuran onartu izanaren tramitea bete behar dute. Hori, arratsaldean izango da.

  Aldez aurreko adostasuna dutela aurkeztuko dira baita ere bi adierazpen eta mozio idatzi bat. Atzoko egunarekin bat eginez, emakumeen kontrako indarkeria ezabatzeko nazioarteko egunari dagokion adierazpen instituzionala eta 2020ko euskararen nazioarteko egunari dagokiona irakurriko dira. Era berean, motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei laguntzeko, biktima horien erreparazio eta aitorpena tramitatzeko legeen inguruko mozioa ere azalduko da.

  22 gaiko lan zerrenda osatu da gaurko Osoko Bilkurarako, gai asko. Baina kontu egin behar da aurreko Osokoa, berezia, orain hilabete eta erdi egin zela, urriaren 15ean, eta ondorioz, onartu beharreko gaiak pilatu direla.

  18:30tan hasiko da azaroko plenoa eta zuzenean eskainiko du Oñati irratiak (FM 107.4).

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!