Oso aurreratuta daude San Lorentzoko ur hornidura eta saneamendu sarea berritzeko lanak

2015/11/12
Card image cap
Aldatzekoak ziren hodien % 90a inguru dagoeneko sartu dira

  Abuztu inguruan hasi zen San Lorentzon lanean Gipuzkoako Urak-ek azpi kontratatutako Otegi-Gaztañaga enpresa. San Lorentzoko ur hornidura eta saneamendu sarea berritzeko egitasmoaren bigarren fase honetan San Lorentzo 1 eta 23 zenbakidun bebarruek osatzen duten triangelu barruan eta Gipuzkoa 2630 errepideari jarraituz dagoen aparkaleku eta espaloian lan egiten aritu dira. Inguru honetan, ur hornidura sarea aldatu eta fibrozementuzko hodien ordez burdinurtuzkoak jartzen ari dira. Era berean, San Lorentzo 1 eta 14 bebarruen arteko saneamendu sare zatia oso hondatuta zegoenez, berritzen ari dira, hondakin urak eta euri urak biltzeko hoditeriak berezituz. Eltzia eraikina hornitzen duen hodia ere aldatu da.

  Hodi zaharrak kendu eta berriak sartzeko lanak oso aurreratuta daude, aldatzekoak ziren hodien % 90a gutxi gora behera, dagoeneko sartu direla adierazi digu Gipuzkoako Urak enpresako tekniko batek. Lanak dena den, oraindik ez dira bukatu eta gaur goizean esaterako,  San Lorentzo auzoko 4tik eta 8ra arteko eraikinetan eta 25etik 28ra urik gabe egon dira, 8.30tatik 12.30tara. Auzoaren goialdeko hodi korapilo bat sare nagusira lotzeko lanak egin dira.
Horrezaz gain, datozen egun eta asteetan, probak egin beharko dira eta ireki diren zanga guztiak itxita urbanizazio lanak osatu beharko dira. Izan ere, Udalak, inguru hori irisgarritasun neurrietara egokitzeko lanak Otegi-Gaztañaga enpresa berari esleitu zizkion eta, hoditeria aldatuta, bigarren kontratu horri dagozkion lanak osatu beharko dituzte.

iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!