Orain urtebete baino 60 langabetu gutxiago daude egun herrian

2017/12/05
Card image cap
Langabeziak ez du aldaketa esanguratsurik izan azaroan Oñatin, urrian baino langabetu bat gutxiago zenbatu da

  Azken hilabeteko langabezia datuetan apenas egon da alderik, Oñatin, urrian baino langabetu bat gutxiago erregistratu da Lanbideko bulegoetan. Adin eta sexuaren araberako datuei erreparatuta, gizonezko langabetuen kopurua pitin bat igo da, urrian baino 2 gehiago dira eta aldiz, 3 emakume gutxiago zenbatu dira. Adinka, 44 urte bitarteko emakumeen artean egin du behera langabeziak. Baina hilabeteko tartean datuak ez dira esanguratsuak, bai ordea, orain urtebeteko kopuruei erreparatzen badiegu. Iazko azaroan, 362 langabetu zeuden Oñatin, une honetan baino 60 gehiago. Orokorrean emakumezkoen langabezia jaitsi da urtebeteko epean, iazko azaroan lanik gabe zeuden 100 oñatiarretatik 56 emakumezkoak ziren eta une honetan 54ra ez dira iristen. Herriko langabezia tasa ere puntu bat baino gehiago jaitsi da, eta orain % 5,75 da. Aipagarria da azaroa, % 6aren azpiko langabezia tasa erregistratu duen urteko seigarren hilabetea izan dela.

  Azaroa hilabete ona izan ohi da Oñatin lana topatzeko, normalean, langabezia jaitsi egiten baita. Baina aldikako kontratuak izaten dira gehienak eta urtea amaitzearekin batera bukatzen dira. Ondorioz, langabezia kopuruek gora egiten dute abendua eta urtarrilean. Ikusi egin beharko da datozen bi hilabeteetan Lanbidetik zein datu igortzen dituzten.

  Fokoa zabaldu eta Hego Euskal Herrira begiratuta, langabeziak behera eta kotizatzaileen kopuruak gora egin duela ikusten da. Bosgarren urtez jarraian behera egin du langabeziak azaroan. Hego Euskal Herriko enplegu bulegoetan 163.514 langabe daude; urrian baino 1.861 gutxiago, eta iazko azaroan baino 13.102 gutxiago. Kontrakoa gertatu da Gizarte Segurantzarekin: azaroak 4.093 afiliatu irabazi ditu, iazko hil berean baino hiru aldiz gehiago.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!