Oñatiko udala

Online kontsultak bideratzen hasi dira Udal artxiboan

2020/05/06
Card image cap
Astelehenaz geroztik indarrean da artxibo zerbitzuak berriro abiarazteko baimena

  Posta elektroniko bidez iritsitako lehentasunezko kontsultak bideratzen hasi da udal artxibategiko arduraduna. Aldi berean, aurrez aurreko kontsultak gauzatu ahal izateko prestaketa lanetan hasi da. Igandean argitaratu zen BOE aldizkarian artxibo zerbitzuak berriro martxan jartzeko baimena, baina langile eta erabiltzaileen osasun bermeak beteta. Horrek, erabiltze irizpideak zehaztea ekarri du eta lekua fisikoki prestatu eta bitartekoak egokitzea.

  Online kontsultak egiteko aukera badago jada. Interesa duenak mezu elektronikoa bidali dezake artxiboa@onati.eus helbidera. Aste honetan online kontsulta horiek soilik ari dira bideratzen. Datorren astetik aurrera, ezinbesteko kasuetan aurrez aurreko kontsultak egitea ere posible izango da baina online egindakoak lehenetsiko dira.

  Aurrez aurreko kontsultak egiteko hitzordua eskatu beharko da eta eguneko bi erabiltzaile hartuko dira gehienera, kontsultaren iraupen denbora luzatu daitekeela aurreikusita eta beti ere, artxiboan jende pilaketarik gerta ez dadin. Aldez aurretik hitzordua eskatzeak gainera kontsultatu nahi den dokumentua topatu eta prestatzeko aukera emango du, eta deskuidoan beste erabiltzaile batek aurrez kontsultatu eta berrogeialdian badago, horren berri garaiz emateko baita ere ikerlari berriari. Izan ere, kontsultatzen diren agiriek 10 eguneko berrogeialdia pasa beharko baitute. Beharra badago, erabiltzaileen itxaron zerrenda osatuko da.

  Udal artxibora doazen erabiltzaileentzat zirkuitu moduko bat prestatuko da, aldi berean bertaratu daitezkeen bi erabiltzaileak elkartu ez daitezen. Kartel eta oharrak jarriko dira, nola jokatu behar den azalduz. Gomendio gisa maskarila erabiltzea eskatuko da, eskularruak artxiboan bertan emango dira eta gel hidroalkoholikoa ere eskuragarri jarriko da. Erabiltzaileak eraman beharko du kontsultarako materiala, hau da, ordenagailua, papera, boligrafo edo arkatza. Kopiak erabiltzaileak egin ahal izango ditu, orain artean bezala.

  Garbi utzi nahi da aurrez aurreko kontsultak ezinbesteko kasuetan soilik bideratuko direla, hasierako asteetan behintzat, eta hitzordua hartzea beharrezkoa dela. Hala ere, online kontsultak lehenetsiko dira. Edozein kasutan, kontsultak online egiteko edo aurrez aurre egiteko hitzordua eskatzeko, udal artxiboko helbide elektronikoa erabili behar da: artxiboa@onati.eus Artxibora joateko udaletxera nondik sartu eta nondik-nora ibili, bide beretik jakinaraziko zaio erabiltzaileari.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!