Oñatiri zuzenean eragingo dio Gipuzkoako autobusetan deituta dagoen grebak

2018/07/05
Card image cap
Lan uzte deialdiak uztailaren 13,14, 20 eta 21erako egin dira

  LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuek salatu dute patronalak ez dituela dietak ordaindu nahi eta ekainaren hasieran lortu zen akordio oinarriak ez duela aurrera egiten. Aipatu lau sindikatuek deitu dute Gipuzkoako autobusen greba uztailaren 13,14,20 eta 21erako. 30 enpresa inguruk egingo dute greba, tartean dira Lurraldebus eta Pesa ere. Beraz, Oñatiri zuzenean eragingo dio, autobusaz gain ez baitu beste garraio kolektibo zerbitzurik.

  Orain hilabete, sindikatu eta patronala akordioaren aurreko batera iritsi baziren ere, patronalak ez du sinatu nahi dietak ordaintzea arautzen duen puntua. Beste puntu batzuetan ordea, hartutako konpromisoei eusten dio patronalak; hara nola,  linea baten adjudikazioa duen enpresa aldatuz gero, langileek beren lanpostua mantenduko dutela ziurtatzea; soldata igoera; eta atsedenaldiak egiteko eskubidea izatea. Baina sindikatuek, dietak ordaintzeari ez diote uko egin nahi eta lau eguneko greba deitu dute presio neurri gisa.

  Greba deialdiak 5.000 langileri eta autobusa erabiltzen duten gipuzkoar guztiei eragingo diela adierazi dute sindikatuetako ordezkariek. Oñatira datozen edo bertatik pasatzen diren Lurraldebuseko zerbitzuen gidariek deialdia babestuko dutela aurreikusten da, esan bezala. Baina astebete dago oraindik arazoa bideratzeko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!