Oñatin kolon eta ondesteko minbizia goiz detektatzeko 2. kanpaina amaitzear dago.

2012/11/21
Anbulatoriotik, prebentzio programa honetan parte hartzearen garrantzia azpimarratu da berriro.

  Bigarren aldia da Oñatin halako prebentzio programa gauzatzen dela. 2010ean egin zen lehenean, parte hartzea oso handia erregistratu zen. 50 eta 69 urte bitarteko herritarren %73 eta erdiak lehen proba egin baitzuen. Bigarren kanpaina osatzeko azken hilabetea bakarrik falta denean, partaidetza, %66koa da soilik.
Kolon eta ondesteko minbizia goiz detektatzeko proba oso xamurra da. Gorozki edo kaka lagin txiki bat hartzean datza, bertan odol hondakinik ote dagoen detektatzeko.

  Lehen proba hau egiteko kit-ak etxera bidaltzen dira eta lagina ere norberak etxean hartuta anbulatoriora eraman besterik ez du egin behar. Aparteko zailtasunik beraz, ez dauka. Eta garrantzitsua da oso, oinarrizko proba honek adierazi dezakeena. Oraindik minbizia garatu gabe kolon eta ondestean izan daitezkeen arazoak agerian jartzen baititu. Eta horrek noski, tratamendua garaiz jarri eta ondorio larriagorik sortu aurretik arazoa osatu dezake.

  Proba hain xamurra izaki eta bereziki, prebentzio mailan duen eraginkortasun handia kontutan hartuta, hartarako gonbidapena jasotzen duten herritar guztiak proba egitera animatzen dira anbulatoriotik.
Kolon eta ondesteko minbizia garaiz atzemateko prebentzio kanpaina hau 50 eta 69 urte bitarteko guztiei zuzenduta dago, hau da, 1943ko urtarrilaren 2etik 1962ko abenduaren 31ra arte jaiotako guztiei. Azaroa amaiera bitartean, ia 2.500 gonbidapen gutun eta kit-ak bidaliko dira etxera.

  Bere egunean jaso eta kasorik egin ez zionari, berriro pentsatzeko eskatzen zaio anbulatoriotik. Oraindik jaso ez duenak, hile akaberara arte itxaron dezala. Baina epe hori pasata jasotzen ez badu, anbultorioan bertan eskatu dezake proba egiteko kit-a.

  Gogoan hartu behar da, proba eginda, emaitza beti jasoko dela, positiboa edo negatiboa den emaitza beti bidaltzen dela. Eta deskuidoan halakorik jaso ez duenak, seguruenetik, kitaren identifikazioa gaizki edo egin gabe zegoelako da. Proba egin eta emaitza jaso ez duenari, anbulatoriotik pasa eta gertatutakoaren berri bertan ematera animatzen da. Kit-a eskuratuta, proba egiteko aukera izango du.

Iturria: Oñati irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!