Oñatin "Izar" antzezlana eskainiko duen Marie de Jongh taldeak Espainiako Arte Eszenikoen saria irabazi du

2018/10/16
Card image cap
Emanaldia igandean izango da Santa Ana antzokian

  Haur eta Gazteentzako Arte Eszenikoen Espainiako saria eman diote Marie de Jongh konpainiari, bere ikuskizunetan ageri den gizartearekiko konpromiso etengabeagatik. Espainiako Kultura Ministerioak ematen du sari hori urtero, eta konpainiak hitzik gabeko ikuskizunetan darabilen keinu hizkera ere nabarmendu du epaimahaiak, edertasun eta hunkipen handiko kalitate estetikoa lortzen duela azpimarratuta.

  Marie de Jongh konpainia Jokin Oregik eta Ana Meabek sortu zuten, duela hamar urte, Haur antzerkia helduentzat, eta anterki heldua haurrentzat leloarekin. Ordutik zortzi obra aurkeztu dituzte, azkena,  Izar domekan bertan Santa Ana aretoan eskainiko dute. Haurren aurkako indarkeria, pertsona adinduen bazterketa, maitasun homosexuala, animaliekiko tratu txarrak, askatasuna eta beste hainbat gai jorratu ditu taldeak bere lanetan. Oregiren zuzendaritzapean beti, bera baita konpainiako ikuskizun guztien sortzailea eta zuzendaria.

  Bilbon dauka egoitza taldeak, eta pozik agertu ziren atzo taldekideak, sare sozialetan zabaldutako mezu batean, jasotako sariagatik.

  Hamar urteko ibilbidean, hainbat sari jaso ditu Marie de Jongh konpainiak. Besteak beste, eta Oñatin ikusi ahal izango den Izar antzezlanak, espazio eszeniko onenaren Feten saria irabazi zuen. Izar, igandean, 18:00tan ikusgai izango da Santa Ana aretoan. Familia osoari zuzendutako ikuskizun honetarako sarrerak 4 eurotan salgai daude jada https://bibe.me/ atarian.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!