Oñatin, Euskal autonomia erkidegoan ez bezala, EH Bildu koalizioa izan da boturik gehien hartu dituen aukera.

2012/10/22
Oñatiko botu emaileen %47ak pasa EH Bildu bozkatu zuen. Hala ere, iazko udal hauteskundeetan baino 300 boto gutxiago eskuratu zituen.

   Euzko alderdi jeltzaleak, botoen kasik %39a hartu zuen. Udal hauteskundeetan Bildurekiko zuen 21 puntuko aldea 8 puntu eta erdira murriztuz.

  Oso atzetik, PSE-EE eta PP dira, %6,6 eta %3arekin hirugarren eta laugarren indar politikoak Oñatin.

  Parte hartzea %72koa izan zen atzo, orain lau urte baino 5 puntu altuagoa.

  Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan eta udal hauteskundeetan herritarren boto joera ezberdina dela onartu arren, azken urte eta erdian izan diren bi hauteskunde horien arteko alderaketa etengabe egiten ari gara medioetan, konparaketarako, horixe baita ezker abertzalearen inguruan dugun erreferentzia bakarra. Gogoan hartu behar da, 2009ko hauteskundeetan “demokrazia 3 milioi” izenpean ezker abertzalearen hautagaitza legez kanpo utzi zela.

  Oñatin atzo ireki ziren 16 hauteskunde mahaitatik 11tan, Euskal Herria Bildu izan zen boto gehien hartu zituen zerrenda. Beste 5etan, EAJ izan zen bozkatuena. Orokorrean ere, EH Bildu izan zen hautagaitza bozkatuena gurean, botoen %47arekin. EAJ-k, botoen %38 eta erdia eskuratu zuen. Horrek esanahi du, aurreko udal hauteskundeetan Bilduk jeltzaleei atera zien 21 puntuko aldea, 8 puntu eta erdira murriztu dela.

  Debagoienan, antzerako fenomenoa gertatu da. Aipagarria da hori bai, Oñatiko boto emaileak orokorrean, eskualdekoak baino abertzaleagoak direla, edo atzo behintzat joera horixe azaldu zutela. Atzo bozkatzera joan ziren 100 oñatiarretatik 86k EH Bildu edo EAJ bozkatu zuen bitartean, Debagoienan, %75a izan zen, alderdi abertzaleek batutako boto portzentajea. Era berean, lehen bi indarren eta hurrengokoen arteko aldea askoz nabariagoa da Oñatin, PSEk eta PPk elkarrekin, oñatiarren botoen %10era ere iristen ez den bitartean, Debagoienan, botoen %17 eta erdia batzen dute.

  Horiexek, Oñati eta Debagoienako berezitasunak Eusko Legebiltzarrerako atzoko hauteskundeen inguruan. Izan ere, Gipuzkoan, EH Bildu eta EAJ parez pare geratu baitziren, botoen %32arekin eta 482 botoren aldearekin eta Euskal Autonomia Erkidegoan, aldiz, EAJ izan zen hautagaitzarik bozkatuena, botoen, ia %35arekin. EH Bilduk, %25a eskuratu zuen, erkidego osoa gogoan hartuta. Horrek esanahi du, Gipuzkoak legebiltzarrean izango dituen 25 ordezkarietatik 9na, EH Bildu eta EAJkoak izango direla. PSE-EE 5 izango ditu eta PPk bi.

  Baina Araba eta Bizkaiko ordezkariak batuta, jeltzaleek 27 legebiltzarkide izango dituzte, EH Bilduk, 21, PSEk, 16, PPk 10 eta UPyD bakarra. EAJk gehiengoa lortu duen arren, bakarrik eta gutxiengoan gobernatu edo beste alderdiren baten babesa bilatu erabaki beharko du.

  Oñatira itzulita, aipagarria da boto emaileek atzo izan zuten parte hartze handia. Euskal autonomia erkidegoan orokorrean, hautesleen %65a bakarrik joan zen botoa ematera. Oñatin berri, parte hartzea %72koa izan zen, orain lau urte baino %5 altuagoa. 

  Gora behera handirik gabe, gertaera azpimarragarririk gabe joan zen atzoko hauteskunde eguna gurean.
Botoen kontaketari dagokionean, orokorrean oso azkar egin zen. Puntu honetan ere ez zen ezer aipamenik gertatu. Gaueko 8 eta erdietarako edo Oñatiko boto kontaketa amaitua zegoen.

  Gaur goizean berriz, hauteskunde lekuetako materiala, mahai, botoa emateko kabinak eta abar jaso dira. Lehenak, noski, ikastolan, Santa Marinan eta Olakuako parbularioan zegoen materiala erretiratu da. Bertako eguneroko jardueran hauteskundeetarako material honek traba egiten baitzuen. Ondoren, Olakuako dorretxeko eta Errekaldeko parbularioko materiala jaso da.

Iturria: Oñati irratia