Oñatin ere izango da "Europa bat-batean"

2016/06/27
Card image cap
Donostian egingo den topaketa Oñatira mugituko da uztailaren 15ean

  Europa bat-batean Kantu Inprobisatuaren Nazioarteko Topaketak izaera ibiltaria izan zuen apirilean eta hala izango du uztailean ere. Uztailaren 11tik 16ra Donostian burutuko da baina Oñatira hurbilduko da, uztailaren 15ean, arratsaldez. Ekimena antolatzeko Oñatiko Udala eta Bertso Eskolaren laguntza izan dute antolatzaileek. 19:00etan hasita, herrian zehar izango da emanaldia, poteo formatuan; Boga, Bizipoz eta Ona tabernetan egingo dute geldialdia inprobisatzaileek eta egun horietan ospatuko den Garagardo Azokan amaituko dute ibilbidea. Ondoren, Pago-Uso elkartean afalduko dute. Austria, Euskal Herria, Gales, Katalan Herriak, Kuba, Mexiko eta Zipre ordezkatzen dituzten inprobisatzaileak ariko dira Oñatin.

  Oñatiko saio berezia Europa bat batean kantu inprobisatuaren Nazioarteko Topaketen baitan kokatu behar da. Euskal Herriko Unibertsitateak antolatutako Udako Ikastaroetan, uztailaren 11tik 16ra, kantu inprobisatuen inguruko jardunaldi akademikoak egingo dira Donostiako Miramar Jauregian. Bertan, kantu inprobisatuetatik harago, transmisiorako gakoak, genero ikuspegia eta hizkuntza gutxituen inguruko hausnarketak egingo dira goizeko saioetan. Mundu osoko eta gaian adituak diren ikertzaileek bat egingo dute. Arratsaldez, berriz, jatorri ezberdineko inprobisatzaileen jarduna izango da. Amaierako jaialdi nagusia , uztailaren 16an, arratsaldez, Donostiako Kursaalen ospatuko da.

  Zabalik dago oraindik kantu inprobisatuari eskainitako udako ikastaro honetan parte hartzeko izen ematea. Ikastaroa, astelehenetik ostiralera, eta 9.00tatik 13.30tara egingo da. Bost egunetarako matrikulak 80 euro balio du eta egunekoak, 25 euro. Interesa duenak, izena, www.uik.eus atarian sartuz eman dezake. Horretarako azken eguna, uztailaren 6a izango da.

  Mintzola Ahozko Lantegiak eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuak antolatu dute Europa bat-batean; eta  aipatu jardunaldi akademikoetan, UPV/EHUko Uda Ikastaroekin  elkarlanean ari dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!