Oñatin 500 langabetuen muga gainditu zen pasa den hilean.

2012/12/14
Lana topatu eta ezinean dauden 501 herritar erregistratu ziren Lanbideko bulegoetan. Horrek, lagabezia tasa %9.54an kokatzen du, azken urteetako altuena.

  Pasa den hilean jada azken 17 urteetako langabezia altuena neurtu zela esan genizuen. Azaroan ordea, egoerak ez du hobera egin, langabeziak gora egin du berriro eta 500 langabetuen muga psikologikoa jada pasa da herrian. Azaro akaberan, Lanbideko bulegoetan 501 oñatiar erregistratuta zeuden. Herriko langabeziak, gizonezkoen artean egin du gora.

  Hori egiaztatzeko, enplegu zerbitzuak kaleratu dituen azken bi hilabetetako datuak alderatu besterik ez da egin behar. Oñatin, azaro amaieran urrian baino 7 langabetu gehiago zeuden, eta zazpiak gizonezkoen taldean. Emakume langabetuen kopurua urrian bezala mantentzen baitzen azaroan. Horrek ez du esanahi urrian eta azaroan langabezian zeudenak pertsona berdinak zirela, kasu askotan bai baina ez guztietan. Adinaren arabera aldaketa batzuk bai ikusi baititugu azken hilabeteko tarte horretan.

  Oñatin, langabeziak bereziki 25 eta 44 urte artekoen artean egin du gora azaroan, bai gizon nahiz emakumezkoen artean. Behera berriz, 25 urtetik beherakoen artean eta 45 urtetik gorako emakumeen artean egin zuen.

  Baina datu orokorrei begiratuta Oñatiko langabeziak gora egiten jarraitzen duela azpimarratu behar da eta muga esanguratsuak gainditzen ere bai. Urrian, aspaldiko partez %9aren tasa gainditu zuen eta orain azaroan, 500 langabetuen muga psikologikoa. Bi datuak kezkagarriak dira, Oñatin tradizionalki izan diren tenporada kontratazioak tarteko, urteko azken hiruhilabeteko hauxe izaten baitzen langabeziak behera egiten zuen garaia, eta aurten ez da halakorik gertatu.

  Langabeziak gora egin du azken hilabetean Oñatin, baina baita Debagoienean ere eta bailara mailan, herrian bezala, orain arteko goia jo duela azpimarratu behar da. Debagoienean, langabezia tasa %12.42 izan zen azaro amaieran, urrian baino 2 hamarren gehiago. Eta igoera hori Elgeta eta Eskoriatzan izan ezik, gainontzeko herri guztietan izan zen. Aipatu bietan, urriko langabetu kopuru berbera neurtu zen hilabete beranduago.

Iturria: Oñati irratia