Oñatiko udalak eta Foru Aldundiak, lantokietara joan etorriak oinez edo bizikletaz egitea sustatzeko programa jarriko dute martxan.

2014/06/24
Card image cap
Urriaren 1ean abiatuko den esperientzia pilotuan, Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatzako udalek ere parte hartuko dute.

  Lanera joateko egunero autoz egiten diren joan etorrien erdiak ez dira zazpi kilometro eta erdira iristen. Distantzia hori, oinez edo bizikletan xamur egin daiteke. Eta langileak  horretara bultzatzea da Debagoieneko lau udalek eta Diputazioak martxan jarriko duten programaren helburua. Azken urteotan gurean osatuz doan bidegorri sareak gainera hartarako aukera ematen du.

  Ibilgailu motordunen erabilera masiboak geroz eta kezka handiagoa sortzen du gure gizartean. Ingurumenean eta langileen osasun eta segurtasunean kalte handiak eragiten ditu. Istripuak, bihotzeko eta arnas aparatuko gaixotasunak, estresa, kutsadura atmosferiko eta akustiko handia, lur publikoaren okupazio maila altua eta gastu publiko handia, besteak beste. Horiek mugatzeko jarriko da martxan Debagoieneko lantokietara oinez eta bizikletaz joateko ohitura sustatu nahi du esperientzia. Gurean frogatuko dena arrakastatsua bada, Gipuzkoako beste eskualde batzuetara zabaldu asmo du Diputazioak.

  Egitasmoak bi eremutan eragingo du: informazio eta sentsibilizazio kanpaina egingo da langileen artean, lanera oinez edo bizikletan joateak dituen onurak jakinaraziz eta bide batez, horretarako zein bide dituen ezagutaraziz, eta aldi berean, enpresetan, bizikletentzat aparkalekuak jartzeko laguntza lerroa martxan jarriko da. Kontzientziazio lana bezain garrantzitsua baita erakundeentzat. erabiltzaileei eta enpresei azpiegitura egokiak eskaintzea. Alde horretatik, zenbait enpresek interesa agertu dutela aurreratu dute Foru Aldundiko ordezkariek.

  Ekimena orain iragarri bada ere, urriaren lehenean jarriko da martxan.

 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!