Oñatiko udalak, emakumeen autonomiaren eta erabakitzeko eskubidearen defentsan mozioa onartu zuen azken Osoko bilkuran.

2014/02/11
PPk abortuaren legea aldatzeko aurre-proiektua gaitzesten da 8 puntuko idatzian.

  Gaur justu bozkatuko da Madrilgo kongresuan indarrean den abortuaren legea aldatzeko PP alderdiaren aurre proiektua. Proposamenak gizarte mugimendu eta talde ugariren kontrako jarrera sortu du baita alderdi politikoena ere. Popularren artean zatiketa sortu duen aurre proiektua dela ere esan genezake eta horretxegatik Diputatuen kongresuan gaur egitekoa den bozketa, sekretua izatea eskatu zuten sozialistek eta hala egingo da.

  Erakunde publiko batzuek ere aurre-proiektuaren kontra azaldu dira, tartean, Oñatiko udala.

  Alderdi popularrak “kontzebituaren eta emakume haurdunaren eskubideen babeserako” izenpean aurkeztu duen lege aurre-proiektuak Oñatiko udalaren gaitzespena jaso du atzerakoia delako eta emakumeen eskubideak urratzen dituelako.

  Era berean, udalbatzak aho batez onartutako mozioan emakumeek ugalketarako duten autonomia eskubidea babesteko konpromisoa berresten du. Haurdunaldia eteteko erabakian emakumeen borondateak ardatz nagusi izan behar duela ere gaineratzen da.

  Hala, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako gobernuari eskatzen zaie emakumeek ugalketarekiko erabakiak askatasunez hartu ahal izateko lege, osasun eta gizarte babesa berma ditzatela. Horren haritik, haurdunaldiaren borondatezko eteteak osasun sistema publikoaren baitan egin ahal izateko eta beharrekoak diren talde profesionalak daudela bermatzeko eskatzen da.

  Egun indarrean den abortuaren legea aldatzekotan, emakumeen eskubideak zabaltzera bideratzea ere eskatzen du udalak onartutako mozioak. Bide batez, erreforma honi erantzun bateratu bat emateko mugimendu feninistak eta emakumeen mugimenduak egindako lana errekonozitzen da eta herritarrak kontrarreformaren aurkako mobilizazioetan parte hartzera deitzen dira.

  Azken Osoko bilkuran aho batez onartu zen mozio idatzia, hainbat erakundetara bidaliko da: Eusko Jaurlaritzara, Nafarroako Gobernura, Estatuko Gobernura eta aurre proiektua sustatu duen Justrizia Ministroari ere bai.  

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!