Oñatiko Udala Grant bekaz egindako lanaren aurkezpena bi hilabetez atzeratzea onartu da

2020/09/17
Card image cap
Informazio-bilketa zaildu egin zaio ikerlariari

  Maider Zilbeti ikertzaile donostiarrak irabazi zuen Oñatiko Udala Grant beka aurten eta Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideak eta Printzipio Gidariak Oñatiko enpresetan gaia aztertzen dihardu. Bulego edo egoitza nagusia Oñatin duten baina nazioartean ordezkaritza duten enpresak dira ikerketaren xede eta Oñati eta kanpoko egoitzetan Nazio Batuen printzipio gidariak inplementatzeko dituzten plangintza eta protokoloak aztertzen ari da. Baina pandemiak enpresa askoren egunerokoa aldarazi du azken hilabeteetan eta horrek, lanaren garapenean eragin du, datu bilketa zaildu baitzaio Zilbetiri.

  Aztergaiaren marko teorikoa oso aurreratuta dauka ikerlariak eta arlo horretan egin beharreko elkarrizketak eta bideo konferentziak egin ditu. Baina hainbat enpresetara zabaldu dituen galdetegiak jasotzearen zain dago. Aurrez aurreko harremanek arindu egingo lukete informazio biltze fasea baina Covid-19ak  zaildu egiten du bide zuzen hori.

  Herriko zortzi enpresetara jo zuen Maider Zilbetik giza eskubideak eta enpresa mundua bateratzen duen ikerketa lana osatu ahal izateko. Arrazoi ezberdinak tarteko bostek bakarrik onartu dute parte hartzea eta hauei luzatutako galdetegiak berriro bueltan jasotzearen zain zegoen Zilbeti iraila hasieran. Horregatik, lanaren memoria irailaren 7rako osatzea ezinezkoa gertatu zaio, alegia, beka eman zenean zehaztu zen epe-muga barruan. Orain arte egindako lanaren berri eman dio Jarraipen batzordeari eta lana aurkezteko epea luzatzea eskatu zion. Onartu egin da, azaroaren 15era arteko epe berria eman zaio.   

Iturria:Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!