Oñatiko TXOLARTEA, hilaren 24an abiatuko da.

2012/03/15
Txolarteak, ATZEGIko aisialdi taldeak dira. Honek, SALTOKAk batzen zuen taldea hartuko du.

  Adimen urritasuna duten gazten aisialdi taldeak dira Atzegi elkartearen  TXOLARTEAk. Orain arte, Oñatin ez da halakorik izan, Pausoka hasieran eta gerora Saltoka izenez aritu zen bolondres taldeak, halako dinamizazio lana egiten zuelako. Urteak eman dituzte horretan, baina hainbat arrazoi tarteko, borondatezko dedikazio hori eten egin behar izan dute.

  Bolondresek bere jarduna eten dute baina adimen urritasuna duten gazteen taldeak bere dinamikarekin jarraituko du. Guztiak, ATZEGIko bazkide direnez, elkartera jo da beste herri batzuetan egiten duen bezala Oñatin ere, TXOLARTE taldea martxan jarri dezan.

  Lehen lana, taldearen ardura hartuko duen begirale boluntario taldea osatzea izan da. Dagoeneko 2 oñatiar hartarako gertu daudela adierazi digute Atzegi elkartean eta hauekin, eta Donostiatik etorriko diren beste laguntzaile batzuekin taldea, datorren asteburuan, hilaren 24an jada martxan jarriko da.

  Baina taldeak aurrera egin dezan, boluntario gehiago izatea komeni da. Horretxegatik, ATZEGIk, deialdia zabaldu du. Ez da aparteko baldintzarik bete behar,  16 urtetik gorako edonor izan daiteke boluntario, adimen urritasuna duten gazteekin lan egiteko gertu egotea da eskatzen den bakarra. Interesa duenak, elkartearekin, Atzegirekin harremanetan jarri behar du honako telefonora deituta: 943 42 39 42 zenbakia. 
Boluntario hauek, Oñatin lehenagotik martxan zen taldearen ardura hartuko dute. Esan bezala, adimen urritasuna duten 14-15 laguneko taldea egon badago eta beraiekin aisialdi ekintzak egingo dira, printzipioz, orain arte bezala, zapatu arratsaldetan. Zer nolako ekintzak izango diren taldean erabakiko da beti ere partaideen interes eta gustuen arabera.

  Oñatiko TXOLARTEAk, Udalak, Bidebarrieta kalean utzitako lokala erabiliko du.

  ATZEGI Gipuzkoan adimen urritasuna duten pertsonen aldeko erakundea da eta zerbitzu ezberdinak eskaintzen ditu: aisialdi Txolarteak aipatu bezala, familiei aholkularitza eta laguntza edota etxebizitza tutelatuak, besteak beste.