Oñatiko SAREk antolatutako autobusetan ia 400 herritar joango dira bihar presoen eskubideen aldeko manifestaziora

2016/01/08
Goizeko eta arratsaldeko autobusak betetzeko dauden plazen-txartelak arratsaldean salgai jarriko dira

  MUGI DAITEZEN HARRIAK lemapean antolatu dute Sare eta BAGOAZ taldeek Bilbon eta Baionan bihar arratsaldean egingo diren manifestazioak. Hainbat erakunde eta taldeen babesa jaso dute eta aurten ere, oso jendetsuak izatea espero da.

  Hego Euskal Herrikoak Bilbora bideratuko dira eta iparraldea eta mugaz ondoko Gipuzkoa eta Nafarroako eskualdetakoak berriz Baionara. Oñatitik, ia 400 herritar joango dira Bizkaiko hiriburura bertatik antolatu diren autobusetan. 10.00etan, bi autobus handi irtengo dira eta 15.00tan beste lau. Baina lekua badago oraindik; goizeko ibilgailuak osatzeko 15 plaza daude eta arratsaldekoetan, 12. Horretxegatik, gaur ilunkaran, leku horiek bete bitartean txartelak salduko dira Kalebarria 9ko lokalean. Sareko lagunak, 19.00etatik 21.00etara egongo dira, baldin eta, 27 txartelak aurrez agortzen ez badira.

  Aurten ere, goizetik doazenentzat egitarau berezia antolatu da Bilboko Areatzan. 10.30tan irekiko da karpa eta haurrentzako aisialdi-txokoa, hamaiketakoa egiteko lekua eta informazio gunea izango dira bertan, besteak beste. Musikarik ez da faltako batukada, trikitilariak eta txistulariak arituko baitira ingurua girotzen eta 13.00tan, Sare Kantari! saioa egingo da. 

  Goizeko ekitaldietara joateko asmoa dutenentzat, autobusak, 10.00tan irtengo dira Bilborantz. Arratsaldeko 15.00tan berriz, gainontzekoak. Autobus guztiak, Ibarratik, Enpresagintza Fakultateko aparkalekutik irtengo dira. Manifestazioa berriz, arratsaldeko 17.00tan abiatuko da Bilboko La Casillatik Udaletxean amaitzeko. Bukatu bezain pronto, Oñatira itzultzeko autobusak Udaletxe inguru horretatik, Campo Volantin-etik irtengo dira.

  Azken urteetan,  presoen eskubideen alde Bilbon egin izan diren manifestazioetara joan etorria egiteko autobusak antolatu dira Oñatitik eta iaz ere, 8 bat bete ziren.

Iturria: Oñati Irratia

Biharko manifestazioetarako girotzeko ekitaldia