Oñatiko PaP EZ plataformak desegitea erabaki duela jakinarazi du prentsa ohar bidez.

2013/01/18
Irainduak eta presionatuak sentitu direla diote idatzian.

  Bildu udal taldeak, bere aldetik, sare sozialetan eta komunikabide batzuetan zabaldu denaren inguruan prentsaurrekoa egin du. Udala eta plataformako ordezkariek bilera egingo dute arratsaldeko 3etan.
Orain urtebete inguru sortu zen Oñatiko PaP EZ plataformak desegitea erabaki du. Hori jakinarazia atzo ilunkaran zabaldu zuten idatzian salatu dutenez, hainbat herritarrek errepresalien beldur, gaian inplikatzeari mesfidantzaz begiratu diote eta plataformako kideek ere errepresalia horiek bizi izan dituztela aitortzen dute, hainbat pintada, pankarta eta esaldi mingarri ikusi eta entzun dituztelako. Irainduak ere sentitu direla diote idatzian. Irainduak, beraiek azaldu duten jarrera zaharkitua eta ez progresista zela esaten zenean edota errauskailua eta minbizia parekatu direnean.

  Guzti horrek, eta atez atekoa laster ezarriko dela ikusteak, plataforma gisa desegitera eraman dituela dio idatzian. Hala ere, atez ateko bilketa sistemaren alternatibak badaudela erakusteko, leiho eta balkoietan zabor poltsak zintzilikatzeko gonbidapena berriro egiten dute, errebeldia jarrera aldarrikatuz.

  Iragarpenak, sare sozialetan eta zenbait komunikabidetan izan duen zabalpena ikusita, Bilduko udal taldean prentsaurrekoa egin du goizeko 11etan. Prentsaurrekoan, 5 puntuko idatzia irakurri du alkateak.

  Idatziaren bosgarren puntuan, herritar guztiei une honetan egiten ari den parte hartze prozesuan parte hartzeko deialdia egiten zaie berriro eta hondakinen gaiaren erabilera politikoa behingoz baztertu dadila eskatzen dute.

  Idatziaren bigarren puntuan entzun dugunez, udala eta PaP EZ plataformako ordezkariek bilera egingo dute gaur arratsaldean, 3etarako hitzordua egin dute.  

Iturria: Oñati irratia