Oñatiko Osasun Zentroak "Joint Commission International" kalitate egiaztagiria eskuratu du

2016/04/22
Card image cap
Osakidetzan halako agiria jasotzen duen lehengo zentroa da

  Osasun arloan espezializatua, nazioarte mailan prestigio handia duen amerikar erakundea da Joint Commission. Bertako ebaluatzaile taldea martxoaren 16 eta 17an egon zen Oñatin, kalitatearen adierazle diren estandarrak neurtzen. Azterketa zorrotza izan zen. Mila adierazle inguru neurtu zituzten eta osasun zentroko profesional guztien lana ebaluatzeaz gain, pazienteak eta herriko zenbait elkarte eta erakundetako ordezkariak ere elkarrizketatu zituzten. Hala, anbulatorioan ez ezik, profesionalek lagunduta etxeetara joan ziren eta jubilatu elkartekoekin, ikastetxeetako ordezkariekin edota Udaleko Gizarte Zerbitzuko langileekin egon ziren.

  Egiaztapenak, paziente edo gaixoak jartzen ditu erdigunean eta oinarrizko hiru zutabe dauzka: arretaren kalitatea hobetzea, pazientea ardatz nagusitzat hartuta; pazientearen segurtasunean oinarritzen diren edukiak eta prozesu klinikoen arriskuak murriztea.

  Joint Commission International egiaztagiria hiru urtetarako da. Epe hori beteta berritu nahi bada, ebaluazio berria egin eta gainditu beharko da.

  Oñatikoa, Osakidetzan egiaztagiri hau lortu duen lehenengo osasun zentroa da. Izan ere, Debagoienako ESIn, esperientzia pilotua gauzatzen ari baitira, zentzu horretan. Hala, datozen hilabeteotan, eskualdeko beste osasun zentroetan Oñatikoak gainditu duen ebaluaketa prozesua biziko dute; ekainean ospitalean eta udazkenean, lehen arretarako gainontzeko hiru zentroetan. Estatu mailan, Oñatikoa, Joint Commission International egiaztagiria lortu duen osasun zentro publiko bakarrenetakoa da, bakarra ez bada.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!