Oñatiko ordezkaritza zabala izango da Palentzian gaur hasi den CUEVATUR , koba turistikoen Espainiako 4. kongresuan.

2012/10/18
Bihar, “Arrikrutz, uraren taupadak” ikusentzunezko berria aurkeztuko da.

  Gaur hasi eta zapatura bitartean luzatuko da Palentziako Aguilar de Campoo-n antolatu den kongresu berezi hau. Lau egunetan zehar, ia 40 komunikazio edo txosten aurkeztuko dira eta adituek gertatutako konferentziak entzun ahal izango dira. Kobazuloen kontserbazioa eta berrikuntza; Espainiako turismo sektorearen erronka eta potentzialitateak edota kirolak koba turistikoetan integratzeko eredu eta proposamenak dira kongresuan zehar emango diren hitzaldietako batzuk.

  Baina Oñatiri dagokionean, Kepa Aranburuk eta Imanol Biainek egin duten ikus-entzunezkoaren aurkezpena da azpimarratu beharrekoa. Urtebete pasatxoko lanaren ondoren ARRIKUTZ, URAREN TAUPADAK izeneko bideoa osatu dute. Lan honetan, Arrikrutz-Gesaltza-Jaturabe sistema karstikoan urak duen garrantzia azpimarratzen da, kobatik kanpora, lurrazalean, baita, koba barruan ere. Urte oso baten zikloa eta urak berak urtebetean osatzen duen ziklo naturala 20 minututan laburbildu da. Helburua, egun Arrikrutzeko harrera etxean erakusten den ikus entzunezko berria izatea da eta etorkizunean, lana pitin bat moldatuta, bisitariak erosi ahal izango duen suvenir-a.

  Labetik atera berri den ikus-entzunezko hau, bihar bazkal aurretik aurkeztuko dute Cuevatur kongresuan.
Hori dela eta Oñatiko ordezkaritza zabala izango da bihar Palentzian. Lanaren bi egile eta zenbait laguntzaileez gain, Oñatiko turismo eta garapen agentziako burua eta Iosu Lizarralde, sozioekonomia udal batzordeko burua ere Cuevatur-en izango dira.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!