Oñatiko ondare arkeologiko -paleontologikoa ikertu, zabaldu eta babesteko hitzarmena sinatu dute Udalak eta EHUko Historiaurreko ikerketa taldeak

2021/04/21
Card image cap
Lau urterako lankidetza aurreikusten da

  Herriko ondarea jaso eta balioan jartzearen alde urrats berri bat eman zuen atzo Udalak, EHUko Historiurreko Ikerketa taldearekin hitzarmena sinatuz. Lankidetza hau lehenagotik dator eta iaz ere halako babesa eman zitzaion unibertsitateko ikerketa taldeari, baina atzo sinatu zenak, gutxienez lau urtetan luzatzeko asmoa islatzen du, nahiz eta, hitzarmen-dokumentua urtez urte berrituko den.

  Ondare arkeologiko-paleontologikoa jaso, aztertu, zabaldu eta babesteko hitzarmenean, besteak beste aipatzen dira, hainbat hitzaldi antolatzea, Oñati inguruko kobak ikertzen jarraitzea edota Arrikrutzen egun egiten diren ibilbide gidatuak osatu eta eguneratzeko aholkularitza ematea. Udalak 12.000 euroko diru partida gorde du aurten, hitzarmena ekonomikoki osatzeko.

  Oñatin aspaldi hasi ziren ikerketa arkeologikoak egiten, XIX. mendean. Lehenengoa 1871an dokumentatuta dago, Aizkirriko koban egin zen eta handik ateratako aztarna paleontologikoak mundu osoko museo eta ikerketa zentrutan sakabanatuta daudela adierazi zuen Alvaro Arrizabalagak, ikerketa laguntzarako zuzendariak. Oñati oso aberatsa da ondare arkeologiko-paleontologiko arloan, asko eta aspalditik ikertu da, baina badago oraindik zer deskubritu. Metodologia ere eguneratu da eta ezagunak diren aitzulo askotan metodologia hori aplikatzen ari dira, aurkikuntza berriak eginez. Baina hori bezain garrantzitsua da topatutakoaren hedapena  egin eta gizarteratzea, beti ere, ondarea abesteko oinarria ezagutza baita.

  Atzo sinatu zen lankidetza hitzarmenak gizarteratze lana ere aurreikusten du. Zentzu horretan, maiatza amaierarako hitzaldi bat antolatzen ari direla aurreratu zen prentsa agerraldian.  

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!