Oñatiko merkataritza biziberritzeko plana eguneratzeko diagnostikoa egiteko aurrekontua onartzea proposatuko da gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

2019/11/28
Pozik hartu dute jeltzaleak gaia, aspaldi eskatu baitzuten plan estrategikoa berritzea

  Herriko merkataritza sustatzeko oinarria izango da plan estrategiko hau. Bizi ohiturak aldatzen ari dira eta tokian tokiko merkataritzak jarraitu dezan hori biziberritzeko plangintza konkretu eta ordenatua izatea garrantzitsua da. Ikuspuntu horrekin bat egiten dute udalbatza osatzen duten bi taldeek; EAJk urteak zeramatzan merkataritza sustatzeko plan estrategikoa eskatzen eta horretarako oinarri izango den diagnostikoa abiatzea proposatuko du gaur gobernu taldeak, asteroko bileran.

  Belaunaldi erreleborik ez eta itxi dituzten hainbat dendentzat berandu den arren, pozik daudela azaldu dute jeltzaleek prentsara zabaldutako oharraren bitartez. Sektorerako lagungarria izango den Turismo plana 2019ko aurrekontuetan onartu zela eta hori ere abiatzea eskatzen dute jeltzaleek eta herriko denda txikien garrantziaz jabetu daitezen gaztetxoak sentsibilizatzeko ekimen bereziak gauzatzea eskatzen dute, besteak beste.

  Gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean, esan bezala, merkataritza sustatzeko planaren oinarri izango den diagnostikoa egiteko aurrekontua onartzea proposatuko da. Baina beste gai batzuk ere aztertuko dira arratsaldeko batzarrean, guztira, 36 zerrendatu baitira. Artasko ibilbide tematikoan panelak jarri eta mantentzeko konpromisoa, kale eta auzobideak konpondu eta asfaltatzeko lanak, herriko hainbat tokitan tratamendu irristagaitza emateko proposamena edota Natur Eskola eraberritzeko lanen II. eta III. faseen lizitazioa aztertuko dira. Dagoeneko jartzen hasi diren Gabonetako argien inguruko xehetasunak ere emango dira arratsaldeko batzarrean.

  Ostegunetan gobernu taldearen asteroko bilera egin ohi da eta hileko azken ostegunean Osoko Bilkura ere bai. Oraingoan dena den, egunez aldatu da udalbatzaren osokoa eta bihar egingo da.

Iturria: Oñati Irratia