Oñatiko langabeak 400 baino gutxiago ziren ekaina amaieran

2015/07/06
2011ko abendutik ez zen halako kopuru baxurik neurtzen gurean

  Ekaina, lana topatzeko hilabete ona izan ohi da Oñatin. Enpresek, udako oporrak betetzeko ordezkoak kontratatu ohi dituzte eta normalean, langabetu kopuruak behera egiten du. Baina 2015eko ekaina, bereziki ona izan da kontratazio aldetik, maiatzean baino 33 langabetu gutxiago zenbatu baitira, eta horrek, langabeen kopurua, 400dik behera izatea ekarri du. Ekaina amaieran , azken hiru urte eta erdian ikusten ez genuen kopuru baxuenean kokatu da langabezia Oñatin: % 7,33 edo 385 langabetu.

  Langabeziak, bereziki, gizonezkoen artean egin du behera, maiatzean baino 27 gizon langabetu gutxiago zenbatu baitira gurean. Baina gehiago edo gutxiago, adin tarte guztietan eta bai gizon baita emakumezkoen artean ere, langabetu kopuruak behera egin du azken hilabetean Oñatin.

  Ekainean, apirilean jada erregistratu zen beheranzko joera berretsi da hirugarren hilabetez jarraian.  Eta martxoan izan zen bapateko igoera alde batera utzita, urte hasieratik ikusten ari den enplegu errekuperaketa sendotuz doala esan daiteke, nahiz eta, oraindik, tentu handiz egin behar den baieztapena izan. Ekainean, gurean, kontratazioek gora egiten dute baina nagusiki, udako oporrek sortzen  dituzten  beharrek eraginda.  Aldi baterako kontratazioak dira, hilabete bat, bi edo hiru irauten dutenak. Alegia, ez dira lanpostu egonkorrak. Azkenaldian egiten ari diren kontratuen ezaugarriak ere kontutan hartu beharko lirateke langabezia datuez ari garenean, sindikatuen esanetan, geroz eta kalitate exkaxagoko kontratuak egiten ari dira. Baina guk hilero, Lanbide enplegu zerbitzuak emandako datuak eskuratzen ditugu eta horietan, lan eskatzaileen kopuruak, gizon ala emakume diren, zein ikasketa maila duten eta zein sektoretan arituak diren soilik argitzen da, hau da, egiten diren kontratu mota edo iraupenari buruzko argibiderik ez da ematen.

  Datuak eskutan, Oñatiko langabeziak hirugarren hilabetez jarraian behera egin du eta 2011amaieratik ikusten ez zen kopururik baxuenean kokatu da ekaina bukaeran, 385 langabeturekin, tasa, % 7,33 da une honetan. Orain urtebete baino 59 langabetu gutxiago eta langabezia tasa, puntu bat pasa txikiagoa. Orokorrean, Gipuzkoan eta Hego Euskal Herrian ere, langabeziak behera egin du ekainean.

Iturria: Oñati Irratia

Langabeziak behera berriro