Oñatiko II. Literatura Topaketak egingo dira datorren astean.

2016/10/21
Card image cap
Astelehenean "Bibliotekaren eguna" ospatuko dela eta, haur nahiz helduentzat ekintza sorta interesgarria antolatu da.

Urriaren 24a Liburutegien Nazioarteko Eguna izango da. Horren harira, Oñatiko II. Literatura Topaketak antolatu ditu udal liburutegiak. Aste osoan izango diren ekitaldien artean bereziki aipagarriak dira urriaren 26 eta 28an egingo diren solasaldiak. Hilaren 26an Harkaitz Cano eta Maialen Lujanbio gonbidatu dira "irakurlea ez da izaki bakartia" gaiaz aritzera. Hilaren 28an berriz, Bruno Montané poetaren lana aztertuko da egilea bera Oñatin delarik. Bi saio hauek Kultur etxean izango dira arratsaldeko 19:00etan hasita.

Baina Bibliotekaren eguna urriaren 24an ospatuko da eta egun horretan ere izango da ekitaldirik bai heldu nahiz haurrentzat. Publiko gaztetxoenari zuzenduta, "Iraungorriko Marimi" itzal titereen antzezlana eskainiko da 17.00tan, eta helduentzat berriz, Kata literarioa izango da oso oñatiarra den txokolatearen haritik; Carles Garciak gidatuta "El sabor de la literatura: chocolate y libro" saioa egingo baita, 19.00tan.

Bai haur nahiz gazte eta helduei bestalde, olerkiak xuxurlatuko zaizkie datorren larunbata goizean. Horretarako Kalabazan Kultur Ekimeneko lagunak etorriko dira eta erdiguneko kaleetan barrena ibiliko dira, hala nahi duten herritarrei olerkiak xuxurlatzen.

Datorren asteko ekintzak osatuz, eta publiko gaztetxoari zuzenduta, ostegunean "ostegun kontalariak" saioa izango da ikasturte honetan lehenengo aldiz. Eta ostiralean berriz, 9-12 urte bitarteko neska mutilentzat beldurrezko efektu bereziak sortzeko makillaje tailerra.

Haur eta gaztetxoei zuzendutako ekitaldietarako gonbidapen txartelak jaso behar dira liburutegian.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!