"Oñatiko herritarrek garraio publiko duina izateko eskubidea dute" esan du Irati Etxeberria zinegotziak

2017/09/28
Card image cap
Lurraldebusek astelehenean indarrean jarriko dituen linea berriekin Bergara, Aretxabaleta eta Eskoriatzarekin lotura zuzena galduko duelako egin ditu adierazpenok

  Aldundia eta eskualdeko udalen artean ekaina eta iraila hasieran egin ziren bileretan, Arrasate-Oñati-Zumarraga linea berriaren maiztasuna ordu erdikoa izatea oinarrizko lehentasun gisa markatu zuen Oñatiko udalak. Baina bailarako gainontzeko herriekin lotura izateari uko egin gabe. Urteetan martxan izan den autobus zirkularra bi zerbitzu lineal bihurtzerakoan Oñatik Bergara eta Aretxabaleta eta Eskoriatzarekin zuen lotura zuzena galduko du, astelehenetik aurrera. Ikasi eta lanera joateko Oñatiko herritarrek eta gurera datozenek autobus aldaketa egin beharko dute San Prudentzion. Oñatiko herritarrek garraio publiko duina izateko eskubidea dutela, eta bailaran ikasten eta lanean dihardutenek bidaia motz hauek egiteko trasbordoak egin behar izatea ez dela kalitatezko garraio sistema adierazi du Irati Etxeberria zinegotziak.

  Bergarara lanera joaten den oñatiar kolektibo berezi baten beharrak ere kezkatzen dituzte udal arduradunak, Gureak lantegira joaten direnak. Orain arte Lurraldebuseko zerbitzua erabili dute, urtean 220 egunetan. Baina duten aniztasun funtzionala medio, pertsona hauetako askok San Prudentzion autobus aldaketa egiteko zailtasunak izan ditzaketela adierazi diete herritar hauen ordezkariek udal arduradunei. Gureak lantegira doazen pertsonen autonomia beraz, mugatu egingo litzateke. Udala egoera hau konpontzeko aukerak aztertzen ari da. Talde honentzako autobus txiki bat jartzea litzateke horietako bat, Aldundiak berak beste irtenbide bat eskaini bitartean. Gai konkretu hau bideratzeko bilera eskatu da Foru Aldundian baina ez da erantzunik jaso oraindik.

   Lurraldebuseko autobus geltokietan jada zerbitzu birmoldatuaren berri ematen duten kartelak jarri dira. Linea berriak astelehenean, urriaren 2an hasiko baitira zerbitzua ematen.

  Eta autobus kontuekin jarraituz, Herribusak aldaketak izango ditu datozen egunotan, jaiak direla eta. Herribusaren azken zerbitzua gaur 19:00tan beteko da eta hurrengo egunetan, San Migel, Herri Eguna eta Errosarixo Bixamon egunez ez da Herribus zerbitzurik izango. Urriaren 3tik aurrera, normaltasunez hasiko da berriro garraio zerbitzua eskaintzen.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!