Oñatiko Euskal Memoria taldeak antolatuta torturari buruzko erakusketa irekiko da gaur.

2014/02/06
Kultur Etxean astebetez ikusi ahal izango den mostra, otsailaren 13an itxiko da, Torturaren Nazioarteko Egunean.

  Eta egun berezi hori gogoan hartuta antolatu dute hain zuzen ere, astebetez luzatuko den erakusketa hau. Oñatiko Euskal Memoria taldeak azken urteotan torturaren inguruan herrian batutako informazioa baliatu du erakusketa egiteko. Material asko “Barruko arrastuak” izeneko dokumentalean jaso zen baina dena sartzerik ez eta kanpoan gelditu ziren hainbat testigantza, argazki, grafiko edo taula erakusketan ikusi ahal izango dira. Horretaz gain, bi ikus-entzunezkoen proiekzioak ere izango dira: otsailaren 12an, irudi berriz osatu den bideo montajea aurkeztuko da arratsaldeko 7etan. Hurrengo egunean berriz, “barruko arrastuak” dokumentala ikusi ahal izango da, arratsaldeko 6etan.

  Azken hamarkadatan milaka euskal herritar torturatuak izan dira eta horren ondorioz, zenbait hil ere bai: Joseba Arregi, Gurutze Iantzi edota Mikel Zabaltza, besteak beste. Oñatin ere, azken 40 urteotan ia 200 lagun atxilotu dira eta hauetatik 60 inguruk torturatuak izan direla onartu dute. Guzti horien omenez eta tributu gisa, antolatu du Oñatiko euskal memoria taldeak arratsaldean irekiko den erakusketa. Praktika honen inguruan dagoen zigorgabekotasuna ezagutzera emanez justiziari bidea ireki nahi dio taldeak.

  Torturari buruzko erakusketa, gaur hasi eta astebetez, otsailaren 13ra arte kultur etxean ikusi ahal izango da, ohikoa denez, arratsaldero, 6etatik 8etara.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!