"Oñatiko emakumiak errekadutan: XX. mendeko etnografia feminista" izeneko ikerketa egingo da

2017/12/12
Card image cap
Selma Huxley Barkham ikerketa beka lortu duten Irati Garai eta Jone Arrazola lanean ari dira jada

  Hiru egitasmo aurkeztu ziren udalak lehen aldiz deitu zuen Selma Huxley ikerketa bekara. Hartarako izendatu zen epai mahaiak proposamenak aztertu zituen eta Irati Garai Aldekoak eta Jone Arrazola Maiztegik aurkeztutako proiektua babestea erabaki zuen.

  Oñatiko emakumiak errekadutan: XX. mendeko etnografia feminista lanak XX. mendeko komertzio txikia Oñatin gaia landuko du; era guztietako denda, jatetxe, taberna, ostatu eta etxez etxeko salmenta eta zerbitzuak ere aztertuko dira. Ikertzaileek 3. sektoreari erreparatu nahi izan diote emakumeen presentzia oso handia delako, bai saltzaile nahiz bezero moduan ere. Presentzia aipagarri horren zergatia ezagutu nahi dute eta hain gutxi aztertu izanaren arrazoia. Gaia hiru ikuspuntutik aztertu asmo dute: jarduera ekonomiko gisa, aberastasun iturri baita; jarduera sozial gisa, emakumeentzat espazio egoki eta zenbaitetan intimoa izan baitira dendak eta lurraldetasunaren aldetik, komertzioa nagusiki erdigunean kontzentratu baita inguru bizi bat sortuz.

  XX. mendean erdigunean nahiz auzoetan zeuden denda eta komertzioen inbentario bat egingo dute ikertzaileek. Eta herritarrekin egindako elkarrizketak oinarrizko informazio iturri izango dira. Lana argazkiz osatu nahi dute eta alde horretatik, oñatiarren laguntza eskatu dute, denda, komertzio, eskaparate edo saltzaile eta erosleen irudirik dutenei eskuratu diezaieten. Ikertzaileekin harremanetan jartzeko bi telefono zenbaki eman dituzte: 688612841 edo 671715321.

  Emakumeen memoria historikoa berreskuratzea da Selma Huxley bekaren helburua. Hau da, Oñatiko emakumeek historian zehar herriari egindako ekarpenak agerian jartzea;  lanean, bizitza sozialean, ekonomian, politikan edota kultur mailan Oñatiko emakumeen ekarpena aztertzea. Ikerketa lana urtebeteko epean egin beharko da, 2018ko negurako. Lana nola zabaldu ere aztertzen ari dira udala eta ikerlariak, azken helburua, dibulgazioa baita. Bekak 12.000 €ko dotazioa dauka.


Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!