Oñatiko Elur Prebentzio Plana gertu dago

2017/11/29
Elurra 400 metrora jaistean jarri ohi da martxan

  Euskalmetek abisu horia emanda dauka gaur eta biharko baina ostiralerako alerta laranja eman dute elurragatik. Gaur, 600-800 metro artean egongo ei da elur maila, nahiz eta ekaitz-guneetan 500 metrora ere jaitsi daitekeen. Baina ostiralerako 200-400 metrora jaistea aurre ikusten dute eta prezipitazio asko espero da gainera. Badirudi beraz, udazken-neguko lehen elurraldia iritsi daitekela. Egoera horren aurrean udalak gertu du jada Elur Prebentzio Plana eta elurra 400 metrora edo beherago egiten badu aktibatuko da. 

  Udal arduradunak lasai daude baina egunez eguneko eguraldi iragarpenak zaintzen. Halaxe adierazi digu neguko planean zuzenki parte hartzen duen brigada buruak. Auzo eta baserri bideak garbitzeko traktorea gertu dago eta pala eta gatza zabaltzeko elementuak jarri zaizkio jada. Beharra balego beste bi ibilgailu ere prestatuko lirateke goialdeko auzo bideak, nahiz kaleak garbitzeko. Gatza ere sobera ei dago, 80 tona inguru. Aurreko bi urteetan ez da gatz behar handirik izan eta orain 15 egun gehiago ekarri zen, badaezpada.

  Udalaren neguko protokoloaren arabera, lau udal teknikari izendatu dira unean uneko beharren arabera dauden baliabide tekniko eta pertsonalak lanean jartzeko. Pertsonal aldetik, lau tekniko horiezaz gain, kale garbitzaileak, udal brigadako langileak eta lorezaintza lanetan dihardutenak aipatu behar dira. Lorezaintza enpresarekin hitzarmena baitauka udalak, elurra eginez gero garbitze lanetan lagundu dezaten. Baliabide material aldetik, udalaren hiru ibilgailu elurra kentzeko palak edota gatza botatzeko elementuak jartzeko moduan daude. Kaleak garbitzeko berriz, eskuz maneiatu daitezken motordun pala-makinak nahiz motor gabeko gailuak ditu udalak. Neguko protokoloan, makinen erabilpen ardura ez ezik, eremua ere zehaztuta dago. Herria, lau zatitan banatuta dago eta bakoitzak zein gune garbitu behar duen izendatuta dago. zerbitzuen koordinazioaz propio izendatutako teknikoak arduratuko dira eta herritarren abisu eta deiak Udaltzaingoan bilduko dira.

  Baliabide tekniko eta pertsonalak gertu daude eta lanerako plangintza ere eginda. Orain, eguraldi iragarpenak jarraitu eta aurreikuspenak betetzen diren ikusi behako da. Ostiralerako elurra, 200-400 metrora iragarri du Euskalmetek.

Iturria: Oñati Irratia