Oñatiko EH Bildurentzat, 2015-2019 legealdia orain arte egindakoaren berrespenerako garaia izango da, “errebalida”.

2014/11/10
Burujabetza eta eraldaketa sozialean sakondu eta EH Bildu subjektu politiko gisa indartzeko legealdia.

  Helburu horrekin, hauteskunde ziklo berri bati ekin dio EH Bilduk eta udal hauteskundeak egin bitarteko prozesuaren aurrerapena egin zuten prentsaurrekoan, ostiral arratsaldean.

  Datozen hauteskundeak, barne demokraziaren garapena eta barne kohesioa sendotzeko izan behar dutela uste du koalizioak. Aurreko hauteskundeetan sortu zuten olatuaren jarraipena izan behar duela. Legealdi honetako gobernuan lortutakoa balorean jarriz eta ireki diren bide berrietan sakontzeko herritarren konfiantza eta babesa lortuz.

  Xede hori buruan, EH Bilduk oinarrizko lau bide landuko ditu: herri programa, hautagaiak, komunikazio plangintza argiak eta herritar eta eragileekin etengabeko harremana.

  Koalizioak, martxan du hauteskundeen aurreko prozesua. Orain arte gauzatu den lehen fasean, prozesu osoaren kudeaketa egingo duen lan taldea osatu da. Irailean hasita, oinarri ideologikoak zehazten ibili dira 30en bat lagun, lantaldeetan banatuta. Sozioekonomia, gizarte politika, lurralde antolaketa, aniztasuna, kirola, hizkuntza, hezkuntza, kultura, politika feminista eta gazte politika izan dira jorratu diren lan esparru nagusiak.

  Orain, bigarren fasearen barruan eta zapatuan, lehenengo hauteskunde tailerra egingo da, tailerra irekia izango da. Lantaldeetan batu eta orain arteko lanketaren balantzea egingo da. Honez gain, definituta dauden zenbait plan eta azterketa aurkeztuko dira, ideia ekaitza egin eta parte-hartzaileen proposamenak jasoz. Gero, urtarrilaren 17ko bigarren tailerrera bitarteko denbora izango du lantalde bakoitzak bere alorraren lanketa egiteko. Tarte horretan, ekarpenak egin nahi dituzten herritarrek prozesuan parte hartu ahal izango dute mezuak honako helbidera bidaliz: onati@ehbildu.net.

  Bulegoa zabaltzeko asmoa ere badute, lan bilerak egin eta herritarren proposamenak bertan ere jasotzeko.

  Urtarrilean egin asmo den bigarren hauteskunde tailerrean lantalde bakoitzak bere proposamena aurkeztuko du, eta garrantziaren arabera sailkatuko dira guztiak. Proposamenak bozkatu eta hautatuko dituzte hirugarren fasean, eragileekin kontrastatuta programa burutuz, eta hauteskundeetarako zerrenda ere osatuko dute. Zerrenda eta programa jendartera zabaltzea izango da laugarren faseko lana.

  Hautagaiei dagokienean, urtarrilean bertan jakinaraziko da EH Bilduren zerrenda buruaren izena. Mikel Biainek alkatetzan jarraitzeko babes zabala duela aurreratu zen ostiraleko prentsaurrekoan. Biainek berak jarraitzeko gertu legokeela adierazi zigun urriko ALKATEAREKIN BERBETAN saioan. Baina prozesua irekita dago eta beste hautagai batzuk agertu daitezke. EH Bilduren alkategaiaren izena, urtarrilaren 17an ezagutaraziko da.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!