Oñatiko EH Bilduk, herritarrei eta amaitu berri den legealdian Bilduko udal taldea osatu dutenei eskerrak publikoki azaldu dizkie

2015/05/29
Card image cap
Aldaketa politiko eta sozialerako esparrua artikulatzeko eta indartzeko ordua dela aldarrikatzen du

  Hiru atal ditu Oñatiko EH Bilduk zabaldu duen oharrak. Lehenean, azken lau urteotan koalizioaren proiektua babestu duten alkate eta zinegotzien lana eskertzen da. Aldaketa politiko eta soziala abian jartzeko lehen ilaran izan direla gogoratuta, egindakoa, bide berean sakontzeko oso baliagarria izan dela azpimarratzen da.

  Bigarren atalean, herritarren babesa eskertzen da. EH Bilduren esanetan, Udal eta Foru hauteskundeetan izandako emaitzek baieztatzen dute  koalizioa herrian erreferente politiko eta zabala dela, eta aldaketa politiko eta soziala bultzatzeko funtsezko bitartekoa. Era berean aipatzen da, hauteskunde hauetarako helburua zela, herritarrek orain lau urte hasitako bideari babesa adierazi eta aldaketan sakontzeko konfidantza ematea. Helburua, lortu dela azpimarratzen da idatzian. Eta horretarako, orain lau urte 3.300 bozka lortu zirela,eta oraingoan, 3137 batu direla gogoratzen da. Hauteskundeetatik eta lau urteetan egindako ibilbidetik indartuta atera direla ondorioztatzen da EH Bilduren idatzian.

  Azken atalean berriz, datozen lau urtetarako asmoak azaltzen dira. Herritarrekin batera lanean jarraituko dutela dio EH Bilduk, Oñatin eta Euskal Herrian erreferente politiko berria sortzeko. Aldaketa politiko eta sozialaren aldeko esparrua artikulatzeko eta indartzeko garaia dela aldarrikatuz amaitzen da EH Bilduren idatzia.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!