Oñatiko EH Bildu eta EAJ ez daude ados Estrasburgok zigorrak metatzearen inguruan eman duen epaiarekin

2018/10/24
Ebazpenak, Alberto Plazaola eta Joseba Arregi oñatiarrei zuzenean eragiten die

  Estrasburgok arrazoia eman zion Espainiari zigor metaketen auzian. ETAko presoei zigorrak pilatzeari buruzko epaia atzo kaleratu zuen Giza Eskubideen Europako Auzitegiak, eta Espainiari arrazoia eman zion, Frantzian betetako zigorrak ez konputatzeko erabakiaren inguruan. Epaiak Alberto Plazaola oñatiarrak eta beste bi presok, Santiago Arrospidek eta Francisco Mujikak aurkeztutako helegiteari erantzuten dio. Baina gauza bera eskatzen duten beste 20 bat presori eragiten dio, tartean, Joseba Arregi oñatiarrari.

  Auzitegiaren iritzian, Espainiak ez du urratu Giza Eskubideen Europako Hitzarmena eta ondorioz, babestu egin du Espainiak zigorrak ez metatzeko hartutako erabakia. Hala ere, Auzitegiak uste du ETAko hiru presoei bidezko prozedura judiziala ukatu zitzaiela eta horregatik, 4.000 euroko kalte-ordaina aitortu die. Estatuak 2.000 euro ordaindu beharko dizkio Santiago Arrospideri, eta 1.000na euro Francisco Mujikari eta Alberto Plazaolari.

  Oñatiko EH Bilduk eta EAJk ebazpenarekiko desadostasuna agertu dute. EH Bilduk euskal presoei zigorrak luzatzeko eta askatasunera heltzea oztopatzeko Espainiako estatuak erabiltzen duen ingeniaria juridikoa salatu du eta EAJk, Frantzian espetxean emandako urteak kontuan hartzeko eskaera egin du. Bi taldeek onartu dute Giza Eskubideen Auzitegiak hartutako erabakia ez zutela espero. Espainiako legeria Europako zuzentarauetarako egokiago moldatzea eskatu dute jeltzaleek. EH Bilduk berriz, salbuespenezko legeria eta interpretazioak bertan behera uztea eskatu du. Aldi berean, bakea eta bizikidetzaren aldeko jarrera berretsi eta euskal presoen egoera konpontzeko irteerak bilatzen jarraituko duela azpimarratzen du EH Bilduk Estrasburgoko epaiaren aurrean publiko egin duen irakurketa idatzian.

Iturria: Oñati Irratia