Oñatiko EAJk oso positiboki baloratu du herritarren iritzi eta ekarpenak jasotzeko abian jarritako ekimena

2015/03/31
250etik gora erantzun jaso dituzte orain arte eta gehienak, egingarriak direla adierazi dute

  Oñatiko EAJ-k hiru aste dela jarri zuen martxan herritarren ekarpen eta iradokizunak jasotzeko ekimena. Helburua, helarazitako proposamen eta ideiekin udal hauteskundeetarako programa osatu eta aberastea da.

  Miren Elgarresta alkategai jeltzaleak azaldu duenez, 267 ekarpen jaso dituzte bide ezberdinetatik. Ekimena martxan da oraindik eta iritzi gehiago jasotzea espero dute. Guztiak banaka irakurtzen ari dira eta gehienak, egingarriak direla esan du Elgarrestak. Beste batzuk, azterketa sakonagoa eskatzen dutela onartu du baina horretarako gertu daudela adierazi du. Herritarrek ekimenari emandako erantzunarekin pozik agertu da eta balorazio positiboa egin du.

  Herritarren ekarpen zehatzei dagokienez, alkategai jeltzaleak azpimarratu du oso anitzak izan direla, baina badirela zenbait gai herritarrak bereziki kezkatzen dituena. Kaleen garbiketa eza eta hormetan egindako pintadak, argiztapen gabezia bereziki Olapoto, Olakua eta Kale Zaharrean, garraio publikoari dagokionean ordutegi deskorrdinazioa eta hiriburuetara joateko  zuzeneko autobus-lineen beharra, herri barruko trafikoari dagokionean, konzientziazioa areagotzea eta aparkaleku publikoen prezioa merkatzea eta hondakinen atalean berriz, gaiaz zuzenean egindako galderari erantzunez, hirutik lauk, 5. edukiontziaren aldeko hautua egiten duela adierazi du Miren Elgarrestak. Bestelako ekarpen batzuk ere egin dira.

  Azkenik, alkategai jeltzaleak azpimarratu du herritarren ekarpenak jasotzeko ekimena martxan dela oraindik eta bereziki udal hauteskundeei begira abiatu zen arren, gerora ere, Batzokiko ateak zabalik izango direla edozein oñatiarrek bere iritzia eman dezan.

 

Iturria: Oñati Irratia

Miren Elgarresta herritarren ekarpen idatziekin