Oñatiko EAJ-PNVk Elkarri Lagunduz proiektuaren inguruan ateratako prentsa oharraren aurrean Oñatiko EH Bilduko Udal Taldearen adierazpena

2014/11/06

1.-  Proiektuaren abiapuntua 2013an egin zen Oñatiko Merkataritza Biziberritzeko planetik dator. Plan hau merkatari askoren parte hartzearekin burutu zen eta diagnostikatu zen arazoetako bat oñatiarren gastu ihes gero eta handiagoa zen. Hortik abiatuta 10 merkatarik, aholkulari tekniko batek eta sozioekonomiako udal teknikari eta politikariek osatutako mahaia eratu zen gastu ihesa saihesteko neurriak aztertu, proposatu eta erabakitzeko helburuarekin. Mahai honek proposatutako ereduarekin 91 komertziok egin dute bat.


  2.- Jeltzaleen ustez eraginkorragoak, praktikoagoak eta merkeagoak dira Kultura bonu, mankomunitateko bonu eta Ogerleko sistema. Zeren arabera?

Alde batetik esaten dute Txantxiaren sistema garestia dela baina bestalde garestiago diren sistemak proposatzen dituzte alternatiba gisa.

Bonuen sisteman, bonifikatuta dagoen portzentajearen kargu administrazio publikoa egiten da. Txantxiaren sisteman aldiz, atxikitutako establezimenduak dira sistemaren eta deskontuen kargu egiten direnak. Hala, administrazio publikoari garestiago suertatzen zaio Bonuen sistema.

Eraginkortasunaren ikuspuntutik ere, merkatariekin egindako ebaluazioan bonoen sistema ez da batere eraginkorra ikusi eta sistemarekiko oso kritikoak izan dira.

Ogerlekoari dagokionez esan beharra daukagu sistema itxia dela. Hau da, herriko enpresa jakin batzuetan lan egiten dutenak soilik dute deskonturako aukera. Uste dugu administrazio publikotik ezin dela bultzatu herritar gutxi batzuk onuradun izango diren politikak. EAJk lehenesten duen ereduan non geratzen dira erretiratuak? Non etxeko gizon-emakumeak? Non langabetuak? Non ikasleak? Non merkatari eta ostalariak? Non autonomoak? Non enpresa txikietako langileak? Hauek ez al dute deskonturako eskubidea? Beste behin EAJk denon diruarekin gutxi batzuen mesedetan  ibiltzea proposatzen du lehenesten duen ereduarekin.


 3.- EAJek kritikatzen dute oraindik enpresak batu ez izana proiektura. Mahai Teknikoan helburu bezala markatu genuen 2014ko azken hiruhilerako eredua definitu, atxikimenduak jaso eta moneta  jaulkia izatea eta urriaren batean jaulki genuen, Urrian zehar udal sariekin Txantxiaren funtzionamendua hasteko.

Azaroan herritar guztiei zabaltzea zen asmoa eta Azaroaren 3an zabaldu genuen herritarrentzako bulegoa. Azkeneko fase bezala jarri genuen enpresekin lanketa eta nola txertatu ahal duten aztertzea eta hasiak gara lan horretan. ULMA TALDEArekin lehen hurbilpena egin dugu eta barne prozesu bat ari da langile guztiekin burutzen elkarlanerako bideak aztertzeko. Azaroaren 12rako Foro Sozioekonomikoaren baitan ere aipatuko da gaia herriko gainontzeko enpresa txikietako arduradunei. Beraz, proiektua planifikatuta zegoenaren arabera doa eta hori EAJk jakin beharko luke.


 4.- Azkenik, herriko komertzioarekiko gure konpromisoan berresten gara eta proiektuak izan duen atxikimendu eta babesarekin oso gustura gaude. Espero dugu atxikimendu maila hori handitzen joatea eta merkatari eta ostalarien elkartea indartzeko balio izatea. Bide batez herritarrak animatzen ditugu Txantxiak eskuratu eta bertako komertzioaren aldeko apustua egiteko bertan kontsumituz.

 

Elkarri lagunduz beti hobe!!

 

OÑATIKO EH BILDU UDAL TALDEA

Oñatin, 2014ko azaroaren 6a

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!