Oñatiko Bertsolari Txapelketa jokatuko da udaberrian, bost urteren ostean

2019/01/31
Card image cap
Finala apirilaren 13an izango da

  Pasa den urrian aurreratu genuen berria berretsi zuen atzo antolakuntza taldeak, alegia, Oñatiko VIII. bertsolari txapelketa aurten jokatuko dela. Kanporaketak martxo amaieran egingo dira eta finala, apirilaren 13an, Korrika herritik pasatzen den egun berean.

  Txinparta bertso eskolaren inguruan herri mailako bertsolari txapelketa hau aurrera eramateko lan taldea osatu da jada. Lanean buru-belarri ari dira txapelketari forma ematen, egutegia, ordutegia eta lekuak lotzen, parte hartuko duten bertsolariek egin beharreko lana zehazten, saioen formatua diseinatzen eta txapelketak berak izango duen irudia sortzen, besteak beste.
Bizpahiru aste beharko omen dituzte guztia borobiltzeko. Baina txapelketa ez da martxo erdi-amaierara arte hasiko. Hori bai, kanporaketak apirilaren 13rako bukatu beharko dira, arratsalde horretan finala jokatuko baita.

  Orain bost urte pasa, 2014ko azaroa eta abendu artean jokatu zen aurreko Oñatiko Bertso Txapelketa, zazpigarrena. 12 bertsolarik parte hartu zuten eta bi kanporaketa eta finalekoa jokatu ziren. Gaztelekuan jokatu zen finaleko saioan Andoni Goitiak jaso zuen txapela.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!