Oñatiko autokarabanen gunea bereziki aintzatetsi da Alemaniako ADAC gidan

2017/05/17
Card image cap
Europako ia 5800 karabana guneen arteko hautaketa eskaintzen die gidak irakurleei

  ADAC gidako arduradunek egin duten balorazioaren berri gutun bidez jakinarazi diete turismo bulegokoei. ADAC alemaniar argitalpena den arren, Europa osoan dauden karabana guneen azterketa eta sailkapena egiten du. Azken azterketan ia 5800 gune baloratu dituzte, tartean Oñatikoa. Puntuazio oso altua lortu du eta posturik zehaztu gabe, Oñatiko autokarabanen gunea, Europa mailan goren mailako aitortza edo errekonozimendua lortu dutenen artean dago. Hori ADAC gidan ez ezik, ADAC Camping mugikorretarako aplikazioan ere jaso da. Eta laster San Martingo autokarabanen gunean ikusiko da, aitortza  adierazten duen plaka ere igorri baitute gidaren arduradunek turismo bulegora. Aipagarria da, ADAC Camping aplikazio hori karabana erabiltzaileen artean salduenetakoa dela.

  Nazioarteko errekonozimendu honek ustekabean hartu ditu herriko turismo arduradunak, ez baitute promozio kanpaina berezirik egin edo harremanik izan Alemanian. Baina horregatik hain zuzen ere, bereziki poztu ditu jasotako errekonozimenduak. Etorkizun hurbilean, nazioarteko aitortza honek bere isla izango duela espero dute.

  San Martingo autokarabanen gunea 2015eko azaroaren 7an inauguratu zen ofizialki, nahiz eta, hilabete batzuk lehenagotik erabilgarri zegoen. Astebururo hainbat autokarabana ikusi daiteke inguruan, Euskal Herria eta estatukoak gehienak, baina mugaz haratagotik etorritakoak ere izaten dira tarteka. Alemaniako ADAC gidan Oñatiko autokarabanen gunea bereziki goretsita Europa aldeko bisitariak eta karabana erabiltzaileak gehiago hurbiltzea espero da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!