Oñatiko udala

Oñatiko Arrano taberna eta elkartea ez dira konfiskatuko

2015/06/19
Card image cap
Zentzu horretan aurkeztutako helegitea onartu du Auzitegi Gorenak

  Herriko Tabernen auziaren barruan zeuden lokalak konfiskatzeko erabakia berretsi du Auzitegi Gorenak. Auzitegi Nazionalak 35/02 auziko sententzia eman eta urtebete eskasera etorri da Gorenaren erabakia. 728 orriko epaiak oinarrian, Auzitegi Nazionalak ebatzitakoa berresten du, aldaketa batzuekin: 101 herriko taberna konfiskatzeko agindu, eta urtebete eta hiru hilabete eta urtebete eta hamar hilabete arteko kartzela zigorra ezarri die hogei laguni erakunde terroristako kide izatea edo hari laguntzea egotzita. 

  101 herriko taberna horien zerrendan ez da Oñatikoa sartzen, ezta Arrasateko Irati ere, Gorenak, bere egunean egindako helegiteak onartu baititu.

  Bi arrazoi eman ziren Oñatitik aurkeztu zen helegitean: taberna eta elkartearen jabetza, hainbat herritarrek osatutako elkarte mugatu edo soziedade limitatu baten izenean dagoela, batetik eta fiskalak 2010ean aurkeztu zuen akusazio idatzian ez zela Oñatiko Gorgomendi elkartea aipatzen, bestetik. Ondorioz, defentsa egiteko aukerarik ez dutela izan, akusaziorik ere ez zelako egin argudiatu dute defentsa abokatuek. Eta argudio horiek pisua izan dute Auzitegi Gorenak hartutako erabakian. Oñatiko Arranok, ateak zabalik aurrera egiteko aukera izango du.

  Oñatikoaren antzera Arrasateko Irati eta Pasaiako Antxeta elkarteak ere libre geratu dira, atzo, Arrano aurrealdean egin zen asanbladan argitu zenez. Baina aurrera begira, antolatu daitezkeen mobilizazioen zain geratzeko mezua zabaldu zen.  Izan ere, atzo jakinarazi ziren zigor eta agindu horiek noiz eta nola gauzatuko diren ez baita zehaztu. Aurrena, Auzitegi Gorenak Auzitegi Nazionaleko 2. zigor salara bidali beharko luke sententzia, hark eman baitzuen lehenengo zigor epaia. Ondoren, haren esku geratuko litzateke hura exekutatzea. Haiek erabakiko dute, beraz, noiz eta nola hasi herriko taberna eta elkarteak konfiskatzen.

  EFE berri agentziak Espainiako Justizia Ministerioko iturriak aipatuz zabaldu duenez, herriko tabernak itxi eta enkantean ateratzea izango da jarraituko duten prozedura, hortik ateratako etekinak estatuaren esku geratuko dira. Hori aginduz auto bat kaleratu beharko du aurrez Auzitegi Nazionalak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!