"Oñatiko ahuntzak" izeneko dokumentala osatuko du Intxorta 1937 elkarteak

2019/03/14
Lankidetza hitzarmena sinatuko du Udalarekin, lana gauzatu ahal izateko

  Intxorta 1937 elkarteak Oñatiko Ahuntzak  izeneko lana osatuko du. 1964 tik 1977ra bitartean, politikoki eta jarduera klandestinoaren bitartez, Oñatin presentzia nabarmena izan zuen Los Cabras-Ahuntzak taldea eta haren ibilbidea aztertu eta jaso asmo lan honetan. Dokumentazio lana egingo da lehenik eta ondoren, 40 minutu inguruko dokumentala osatuko da, lanaren funtsa bilduz. Horretarako 25en bat pertsonen testigantza jasotzea aurreikusten da. Gainera, idatzizko dokumentazioa ere bilduko da hainbat funts kontsultatuz: Koldo Mitxelena liburutegiko hemeroteka, ETAren inguruko entziklopedia, Xabier Zumalde Cabraren lanak eta abar.

  Intxorta 1937 elkarteak udalari aurkeztu zion proiektuaren arabera, lan teknikoaz arduratzeko Oñatiko bi gazte izendatu dira. Kronograma ere zehaztuta dago. Hala, dokumentazio lana apiril-maiatzean egin asmo da eta ondoren ikus-entzunezkorako grabazioak egingo lirateke, post-produkzioa urrian egin eta lana azaroan amaitzeko. Aurkezpena Oñatin egitea aurreikusten da.

  Intxorta 1937 elkartearen lan honek 8.712 euroko aurrekontua luke, taldeak aurkeztu duen proiektuan jaso denez. Udalak lanaren interesa baloratu du eta proiektua diruz babestea erabaki du. 6.000 euroko dirulaguntza ematea erabaki zen azken Goberu Batzordean baina aurrez, udalak eta Intxorta 1937 elkarteak lankidetza hitzarmena sinatuko dute, lana aurrera eramateko baldintzak jasota.

Iturria: Oñati Irratia

Xabier Zumalde "Cabrak" idatzitako liburua