Oñatiko udala

Oñati UEMAn, Udalerri euskaldunen mankomunitatean sartzeko proposamena aurkeztuko da datorren asteko Osoko Bilkuran.

2012/04/18
Card image cap
Gaiari buruzko argibideak emateko herritar guztiei zuzendutako batzar irekia egingo da apirilaren 25ean Euskaltegian.

  BILDUk jada bere hauteskunde programan Oñati UEMAn sartzea aurre ikusi zuen. Azken hilabeteotan, udalen arteko erakundearekin harremanetan jarri eta sarrera eskaera egin da. Tramitea osatzeko dena den, eskaera egiten duen udalaren Osoko Bilkuraren gehiengoaren babesa izatearen baldintza dauka UEMAk. Gaia, apirileko Osoko Bilkuran proposatuko da, honek onartuta, alegazioetarako hilabeteko epea bete eta okerrik ezean, Oñatiko eskaera, ekaina hasieran ospatuko den UEMA egunean onartu dadin.

  UEMA eguna, ekainaren 9an Goizuetan egingo da eta gaiak aurrera eginez geroz, Oñatikoarekin batera beste bospasei herriren eskaerak ere onartuko dira.

  Baina UEMAn sartzeak Udalari berari eta baita oñatiarrei ere hainbat konpromiso hartzea eskatzen die. Horretxegatik, interesa duten herritar guztioi zuzendutako batzar irekia antolatu da datorren asteazkenerako,  hilaren 25erako. Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea, UEMA zer den eta kide izateak zer dakarren azalduko da. Batzar ireki hau gaur zortzi  egingo da esan bezala, Euskaltegian, arratsaldeko 19:00etan hasita.

  UEMAk dagoeneko 60 udalerri biltzen ditu, guztira 140.000 biztanle. UEMAko udalerriak aitzindari dira erakunde publikoek euskararen normalizazioan jokatu behar duten rolari dagokionez, eta Oñatik ere aitzindaritza lan horretan lagundu nahi du.

  Horretarako hiru helburu finkatu ditu udalak: Euskara ohiturazko hizkuntza bihurtzea Oñatiko bizitza sozialaren alor guztietan bai udaletxean, kalean, medikuarenean edota merkataritzan: Herritarrekin harreman zuzena duten esparruetan eragitea, hara nola, osasun arloan, epaitegietan eta enpresatan. Eta hirugarrenik, gure eremu geografikoan eragitea, euskararen lurgunea modu sendoan zabal dadin.
Helburu hauek lortzeko herritarren parte hartzea ezinbestekoa da eta horretxegatik antolatu da baita ere, lehen aipatutako informazio batzar irekia. Batzarrean, UEMAko eta udaleko euskara zerbitzuko teknikoek berba egingo dute.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!