Oñatiko udala

Oñati herri duin , aske, justu eta jasangarria izateko orain arteko lanari segida emateko konpromisoa hartu du Izaro Elorzak, EH Bilduko alkategaiak

2018/12/17
Card image cap
Aurkezpen ofiziala larunbat eguerdian egin zen

  Harittu prozesuaren balantzea egin eta koalizioaren alkategaia ofizialki aurkezteko agerraldia egin zen larunbat eguerdian Kultur etxean. Lepo beteta zegoen zine aretoan herritar ugariren babesa jaso zuen Izaro Elorza EH Bilduren alkategaiak. Alboan izan zuen Mikel Biaini eta EH Bilduko komunitate osoari eskerrak emanez hasi zuen bere jarduna Elorzak eta orain artekoari segida ematen saiatuko dela adierazi zuen.

  Irudikatzen duen Oñati azaltzerakoan berriz, herri duina, aurreratu eta justua, jasangarri, osasuntsu, ikasia eta bakedun herria izatea nahiko lukeela esan zuen EH Bilduko hautagaiak. Oñati, bere biztanle guztientzat, garapenerako aukerak sortu eta eskaintzen dituen herri euskalduna izatea nahi duela esan zuen Izaro Elorzak. Herritar guztien berdintasuna aldarrikatu zuen eskubide eta betebeharretan, sortutako aberastasuna birbanatzearen ondorioz, guztien ongizatea ziurtatzea helburu duen herria. Ondo konektatutako herria izatea, kalitatezko enplegua sortu eta mantentzeko gai den herria irudikatzen du alkategai abertzaleak, teknologikoki eta produktiboki aurreratua, sozialki bidezkoa eta fiskalki arduratsua izango dena. Baliabide naturalak, giza kapitala, kapital kultural eta soziala egoki garatu nahi dutela ere esan zuen Elorzak, herri jasangarri, osasuntsu eta ikasia izan dadin. Bakedun herri gisa ere irudikatu zuen Oñati. Askatasunean eta demokrazian oinarritutako etorkizuna nahi duela esan zuen eta memoria, biktima, preso eta giza eskubideen gaietan lanean jarraitzea premiazkoa dela erantsi zuen.

  Orain arteko bidean jarraitzeko asmoa azaldu zuen EH Bilduko alkategaiak. Ekarpenak egin edo iritzia eman nahi duten guztientzat ateak zabalik daudela adierazi zuen eta elkarlana aldarrikatu zuen.

  Proiektua herritarrei zabaldu eta elkarlan testuinguru horretan kokatzen du koalizio abertzaleak apirilean abiatu zuen Harittu prozesua. Diagnostiko fasea osatuta, ekintza plana zehazten ari dira, eta orain arteko ekarpenak onetsi eta proposamen berriak jasotzeko tailer irekia egin zen larunbat goizean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!