"Oñati, dabilen herria" gobernantza lema eta irudia aurkeztu da

2016/11/17
Card image cap
Gardentasuna, gertutasuna eta efizientzia helburu, alkateak asteazken arratsaldeak gordeko ditu herritarrekin egoteko

  Logo berria sortu da EH Bilduk, udal gobernuan betetzen duen bigarren aroa irudikatzeko. Gurpila gogorarazten duen koloredun borobila da eta Oñati dabilen herria mezua adierazi nahi du. Oñati, herri dinamiko, bizi, aktibo eta anitza denaren adierazle da irudia Mikel Biain, alkatearen esanetan.

   Irudi berria aurkeztearekin batera, gobernantza aro honen hiru ezaugarriak azpimarratu dira: gardentasuna, gertutasuna eta efizientzia. Zentzu honetan, datozen aste eta hilabeteetan gauzatuko diren hainbat ekintza ere azaldu dira: Herritarrak udalaren jardunera hurbildu asmoz, ate irekiak egingo dira udal bulego eta eraikinak bisitatuz; web orrian eskurago jarriko dira zerbitzu telematikoak egin eta Gipuzkoa irekia atarira joateko loturak; tramite eta espedienteak paperetik formatu elektronikora pasatzeko aurrerapausoak emango dira 2017an zehar eta alkatearekin berba egin nahi duten herritarrentzat asteazken arratsaldeak gordeko dira espreski, 15:00etatik 18:00etara. 

  Aiako Mundumira komunikazio enpresak sortu duen logo berria udal web gunean ikusgai dago jada. Baina aurrerantzean, udalaren komunikazio euskarrietan ere ikusiko dugu. Horrek ez du esanahi orain arte erabili den herriko armarria guztiz baztertuko denik. Armarria, ekintza instituzionaletarako gordeko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!